NAIZ

Zainketa Intentsiboen Unitatean jarraitzen du Usurbilen trenak harrapatu zuen gazteak

Joan zen larunbatean Usurbilen Mozal Legearen aurka protesta egiten ari zirela trenak harrapatu zuen gazte donostiarrak Zainketa Intentsiboetako Unitatean jarraitzen du. Azken egunetan hobera egin du baina haren egoera larria da eta han jarraituko du. Ostiral arratsalderako elkarretaratzea eta batzarra deitu dute hainbat elkartek Donostian.

Trenak harrapatutako gazteari babesa adierazteko agerraldia egin dute Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Trenak harrapatutako gazteari babesa adierazteko agerraldia egin dute Donostian. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Usurbilen joan zen larunbatean Mozal Legearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zela trenak harrapatu zuen gazteak Donostia Ospitalean jarraitzen du, Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU). Azken bizpahiru egunetan bere egoerak hobera egin du, baina lesio larriak ditu eta oraingoz han jarraituko du. Hamar egun daramatza ZIUn.

Gazte honi babesa adierazteko agerraldia egin dute gaur goizean Donostian hainbat elkartek. «Besarkada indartsu bat eta animoak» bidali dizkiote, bai berari baita bere senide eta lagunei. Elkartasuna eta «laguntza osoa» eskaini diziete.

Horrekin batera, heldu den ostiralean Donostiako Bulebarrean (19.00) antolatu duten elkarretaratze eta batzarrera joateko deia egin dute. «Martinen alde eta Mozal Legearen kontrako» protesta izango da. 

«Argi dugu, zapalkuntza anitzez jositako jendarte honetan, hamaika ekintza desobediente egiten jarraitu beharko dela», nabarmendu dute.

Ekimenarekin bat egin dutenen artean daude Eleak-Libre, Kaleratzeak Stop Donostialdea, Herri Unibertsitatea, Ernai, Alde Zaharreko jai batzordea, IA, Prest, Bilgune Feminista, LAB, AAM, EH Bildu, Sortu, Podemos, Satorralaia, Gite/Ipes, Askapena, Ekonomia kritiko taldea eta CNT Gipuzkoa, besteak beste.