Jon Ormazabal

Sistema berria, betiko kexak

Ez du polemika handirik eragin nahi izan, baina Oinatz Bengoetxea leitzarrari gehiegizkoa iruditu zaio Iker Irribarria aramarrak igandean jokatuko den Buruz Buruko Txapelketaren finalerako aukeratutako pilota bat.

Iker Irribarria eta Oinatz Bengoetxea, materiala aukeratzen. (ARGAZKI PRESS)
Iker Irribarria eta Oinatz Bengoetxea, materiala aukeratzen. (ARGAZKI PRESS)

Pilotak aukeratzeko sistema aldatu izanak ez du halako partidetan sortu ohi den polemika ekiditea lortu. Izan ere, aho txikiarekin izan bada, Binakakoaren ondoren oso gaizki pasatu zuela onartu du, Oinatz Bengoetxeari ez zaio batere gustatu Iker Irribarriak aukeratutako bi pilotetako bat. Aurrekoan bezala, «gehiegizkoa» iruditu zaio.

«Baina ez diot buelta gehiegirik eman nahi. Binakakoan pilotak askoz gehiago neurtuko zirela esan zidaten eta horregatik izan nuen erreakzio hura, baina gaur ez dut honen inguruan gehiegi hitz egin nahi, ikusiko dugu igandean»
, adierazi du Leitzako pilotariak

Aramarrari, aldiz, ez zaio halakorik iruditu eta Asegarcekoak ateratakoak ere gehiegi gustatu ez zaizkion arren, bakoitza berearekin gustura geratuta nahikoa dela esan du. «Sistema honekin ere bada polemikarik, pilota bat gehiegizkoa edo oso baxua bada, pilotaria kexatu egingo da», esan du Iker Irribarriak.

Partidari dagokionez, Bengoetxea VI.ak egungo txapelduna ikusten du faborito «David eta Goliath-en arteko lehia izango da», baina ilusio handiarekin dagoela berretsi du. Pilotalekua ere ez du alde izango baina borrokarako prest agertu da.

Irribarriak ondo dagoela esan du eta oso argi dauka, finala irabazteko aukerak izateko, ez duela Bengoetxeak jarriko dizkion tranpetan sartu behar.