@gara_rpascual

Estatu propioa aldarrikatu eta gehiengo sindikalaren aliantza defendatu du Aranburuk

LAB sindikatuaren idazkari nagusi bezala eginiko lehen hitzaldia, burujabetza prozesua martxan jartzeko beharra azpimarratu eta gehiengo sindikalarekin aliantzak egitearen garrantzia nabarmendu du Garbiñe Aranburuk. «Orain da eztabaida politikoa baldintzatzeko garaia, langileok ezin dugu iruzur berririk onartu», baieztatu du.

Garbiñe Aranburuk hartu du Ainhoa Etxaideren lekukoa LABen idazkaritza nagusian. (ARGAZKI PRESS)
Garbiñe Aranburuk hartu du Ainhoa Etxaideren lekukoa LABen idazkaritza nagusian. (ARGAZKI PRESS)

Ainhoa Etxaideren lekukoa hartu ondoren eta Nazio Komite berria atzean zuela egin du Garbiñe Aranburuk LABen idazkari nagusi gisa lehen hitz hartzea. Mobilizaziorako deia egin du sindikatu abertzalearen IX. Biltzar Nagusiaren itxieran. 

Sindikatua ezaugarritzen duen internazionalismoa balioan jarriz hasi du hitzartzea Aranburuk eta elkartasun berezia egin die Venezuelako herriari, gose greban dauden preso palestinarrei, «errepresiorik gordinena» pairatzen ari diren kurduei eta burujabetza prozesuan aurrera egiten ari diren katalanei.

Espetxean dagoen Rafa Diez idazkari nagusi ohia eta preso zein iheslariak ere gogoan izan ditu. «Hurrengo Biltzarrean presorik ez egotea da gure nahia. Estatuen betoak gainditzeko, armagabetzearekin egin bezala, herriak inplikatu behar du. Horrela bada, lortuko dugu», nabarmendu du.

Kargu berria «arduraz eta erantzukizunez» hartzen duela adierazi ondoren, esker ona adierazi die Aranburuk minutu batzuk lehenago lekukoa pasa dioten Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnikari, idazkari nagusi eta idazkari nagusiaren ondoko ohiei: «2008an zuzendaritza osoa goitik behera aldatu orduko, eta arnasa hartzeko ere astirik gabe, azken urteotan kapitalak gure herriaren aurka egin duen erasoaldirik basatienak gure lehentasunak, plangintzak eta agenda hankaz gora jarri zituen; eta hala, krisialdi betean sindikatuan lemazain izan zineten», esan du, langileentzat eta sindikatuarentzat «urte zailak» izan direla azpimarratuz.

Mobilizazioa

Lehen agerraldi publiko honetan garrantzia berezia eman dio Garbiñe Aranburuk mobilizazioari, «gai ekonomiko eta sozialak erabakitzeko ahalmen osoa izan dezan Euskal Herriak» eta baita «Estatu propio bat izan dezagun, estatura eramango gaituen burujabetza prozesuan aurrera egiteko eta estatus politikoaren eztabaidan iruzur berri bat ekiditeko».

«Borroka da bidea, lantokietan eta kalean», aldarrikatu du.

Aranburuk gogor kritikatu du EAJ eta PPren arteko akordioa. Jeltzaleez esan du ez diotela Madrilgo Gobernuari aurre egiten, baina ez «ausardia politiko falta» batengatik, baizik eta Estatuarekiko «menpekotasun harreman hori ontzat» ematen dutelako eta «PPren eta patronalaren proiektu neoliberal bera defendatzen dutelako».

Aliantzak

Testuinguru honetan, «denborarik galdu gabe» ardatz sozialak markatuko duen burujabetza prozesua martxan jartzeko beharra azpimarratu du eta horretarako LABen apustua eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko aliantzak eraikitzea dela adierazi du.

«Bidea egiten ari gara eta LABentzat garrantzia berezia du –azaldu du idazkari nagusi berriak– ELArekin eta euskal gehiengo sindikalarekin egin beharreko aliantzak, patronalarekin dugun borrokan indar korrelazio askoz hobean kokatzen garelako».

Azkenik, Aranburuk aldarrikatu du orain dela «eztabaida politikoa baldintzatzeko garaia, langileok ezin dugu iruzur berririk onartu».

«Egoerak eta momentuak eskatzen duen erantzukizun eta ardurarekin erantzun behar dugu. LABek eta ELAk estrategia desberdinak ditugu eta hori guztiz zilegi da, bi proiektu sindikal gara, baina bakoitza bere estrategian gotortu ordez, ausartak izateko momentua da, arriskatzeko momentua da, langileek behar dutelako, herriak behar duelako», esan du Aranburuk, aginduz LABek «bere indar guztia» jarriko duela horretan.

‘Zutik emakumeak’, ‘Internazionala’ eta ‘Eusko Gudariak’ abestuta bukatutzat eman dute ekitaldia eta, hortaz, LABen IX. Biltzar Nagusia.