NAIZ
ATENAS

Lucas Papademos Greziako lehen ministro ohiak hobera egin du

Lucas Papademos Greziako lehen ministro ohiaren osasun egoerak hobera egin du azken orduotan eta datozen egunotan aterako da Zainketa Intentsiboen Unitatetik, medikuek jakinarazi dutenez. Bere autoan jarritako lehergailu batek eztandaren ondorioz zauritu zen Papademos. Oraingoz inork ez du bere gain hartu erasoa.

Autoan lehergailu bat jarri zioten Lucas Papademosi. (Angelos TZORTZINIS/AFP)
Autoan lehergailu bat jarri zioten Lucas Papademosi. (Angelos TZORTZINIS/AFP)

Lucas Papademos Greziako lehen ministro ohia atzo arratsaldean zauritu zen, Atenasen autoan zihoala ibilgailuan ezarri zioten lehergailuak eztanda egin ostean.

Eztandak eragindako zaurien ondorioz Papademosi ebakuntza egin behar izan zioten hanketan eta sabelean, eta Atenasko Evangelismos ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) ingresatu zuten.

Bertako medikuek gaur jakinarazi dutenez, lehen ministro oiharen egoerak hobera egin du azken orduotan baina hurrengo bi egunetan gutxienez han jarraitu beharko du. Arnasa hartzeko dagoeneko oxigeno artifizialik ez duela behar adierazi dute eta datozen egunetan pasako dute gela arrunt batera.

Egungo Greziako lehendakari Propokis Pavlopoulos lehendakaria bisitan joan zaio eta harekin hitz egin du, ospitaleko iturriek zabaldu dutenez.

Greziako Gobernuak gogor salatu du Papademosen aurkako atentatua eta kasu isolatua ez dela izango uste du.

Inork ez du bere gain hartu

Oraingoz inork ez du bere gain hartu erasoa baina Poliziak talde anarkista bat izan ote den susmoa du. Talde horrek lehenago ere aldarrikatu izan ditu Greziako hainbat erakunde eta pertsonalitateren aurka bidalitako bonba paketeak.