NAIZ
DONOSTIA

Igorre eta Gabiria UEMAko kide izatea onartu du Zestoan egin duten batzar nagusiak

Urteko bigarren batzar nagusia Zestoan egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta bertan bi udal berri onartu dituzte: Igorre eta Gabiria. Hala, 84 herri izatera pasa dira, 245.000 biztanleko lurgunea osatuz.

Igorre eta Gabiria UEMAko kide izatea onartu du batzar nagusiak, Zestoan. (UEMA)
Igorre eta Gabiria UEMAko kide izatea onartu du batzar nagusiak, Zestoan. (UEMA)

Ohiko batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zestoako bainuetxean, eta bertan bildutako ia ehun alkate eta zinegotziek bi herri berri onartu dituzte UEMAn: Igorre eta Gabiria. 

Bi herri hauei oniritzia emanda, orotara 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute UEMAko kide izango diren 84 herriek.

Agintaldi hau hasi zenetik hamaika herri gehiagok erabaki dute UEMAn sartzea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Areatza, Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Errezil eta larunbat honetatik aurrera kide izango diren Gabiria eta Igorre.

UEMAko lehendakari Josu Labakak eta mankomunitateko koordinatzaile Miren Segurolak batzarrean bildutakoen aurrean nabarmendu dutenez, aurtengo plangintzaren baitan, hainbat egitasmo ditu esku artean UEMAk, ohiko lan-ildoen baitan.

Erabileraz planez eta udalak euskalduntzeko ohiko lanez gain, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko tailer eta ekimen berriak abiarazi ditu UEMAk azken urteotan, eta horien ingurukoak zertan diren azaldu du UEMAko koordinatzaileak.

UEMAko herri gehienetako eta Tolosaldeko beste 13 herritako hizkuntzaren kale erabilera neurketak ere abian direla eta irailean horien guztien berri emango dutela ere azaldu du Segurolak.

Hezkuntza proiektuari dagokionez, euskararen arnasgunei eta hizkuntza ekologiari buruzko hezkuntza proiektua eskoletatik kanpo ere osatu nahi duen hezkunza ez-arauturako proposamena ere aurkeztu dute: urrian izango diren eta udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen topaketak.

Azkenik, UEMAko herrietako euskara teknikariek proposatuta abiarazi duten turismoari buruzko lanketa berezia ere aipatu dute, turismoak hizkuntzan duen eraginaren inguruan hausnartzeko eta udalerri euskaldunen hizkuntza egoera ezagutarazteko. Zehazki, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzea hizkuntza, kultura eta nortasuna sendotzeko eta erakusteko giltzarria dela nabarmendu du UEMAren koordinatzaileak.

Horren harira, datozen asteotan UEMAk kanpaina berezia abiaraziko du, udalerri euskaldunetara datozen turistei eta bisitariei ondare nagusia euskara dela erakusteko, Euskara da gure postalik ederrena lemapean.