Donaixtitik Orhira eta Arrankudiagatik Santurtzira, aurtengo selekzioaren aldeko martxa bi kolpetan

Euskal selekzioaren aldeko mendi martxa uztailaren 29tik abuztuaren 5a bitartean izango da aurten «ekitik burnira ofizialtasuna!» aldarri hartuta. Izan ere, bi kolpetan antolatu dute aurtengoa, Euskal Herriaren ekialdean izango dira lehen egunak Orhiko gaina eginez eta Arrankudiagatik Santurtzira izango dira azken lau etapak. Izena emateko epea ireki dute dagoeneko.

NAIZ|2017/06/13 11:00
Mendi-martxa-2017
Aurtengo martxa iragartzeko antolatzaileen irudi bat. (Mendimartxa.eus)

2000. urtean hasitako bidean ez du etenik euskal selekzioaren aldeko martxak. 16 edizio egin ditu dagoeneko eta 17. hau «Euskal Selezioa Martxan, ekitik burnira ofizialtasuna!» lelopean antolatu dute. Bi kolpetan egingo dute aurtengoa, lehen lau etapak ekialdean, uztailaren 29an Donaixtin hasi eta laugarren etapan Orhiko gaina egingo dute. Abuztuaren 2an, ordea, bertatik Arrankudiagara joan eta Santurtzi arteko bidea egingo dute azken txanpan, beste lau etapetan, abuztuaren 5ean martxa amaituz.

Guztira zortzi eguneko zeharkaldia da, egunean bataz beste 7 edo 8 orduko txangoak izango dira eta, antolakuntzaren arabera, «aintzakotzat hartuz bakoitzaren erritmoa». Goizeko zortziak aldean hasi eta 17.00tarako amaituko da etapa bakoitza, 20 eta 30 km arteko ibilbidea egin ostean.

Lotarako pilotalekuak, kiroldegiak eta eskolak izango dira eta parte hartzaileei norberak bere zakua eta esterilla eramateko deia egin dute antolatzaileek. Etapa bakoitzaren amaieran dutxatzeko aukera ere izango da.

Garraioari dagokionez, hasiera puntura hurbiltzeko Bilbotik Donostiara egingo du bidea autobusak, Durango, Eibar eta Zarautzen geldialdiak eginez. Zeharkaldian zehar antolakuntzaren kamioia baliatu ahal da pisuzko gauzak garraiatzeko.

Otordua eta izen ematea

Norberak aukeratutako otorduaren araberakoa ere bada dagoeneko irekirik dagoen izen ematea. Mendimartxa.eus helbidean egin daiteke eta hainbat aukera daude: zeharkaldi osoa afariak barne (300€), erdia (150€), zeharkaldi osoa afaririk gabe (200€) eta erdia kiafaririk gabe (100€).

Izan ere, antolakuntzak egunero eskainiko du gosaria eta biderako ogia eta fruta. Bidean jana erosteko aukera izango da eta izen ematea afaria barne egiten dutenentzat etaparen helmugako herri bakoitzean bertakoek prestatutako afaria dastatzeko aukera izango dute.

LOTURAK