NAIZ
LEITZA

7.784 herritar batu zaizkio erabakiaren aroari Nafarroan, deitutakoen %28,73

Etxarri Aranatzek duela lau urte hasi zuen erabakiaren aroa Nafarroako beste 24 herritara zabaldu da. Bortziriak, Imotz-Basaburua, Sakana eta Mendialdeko 27.000 herritar zeuden deituak Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan iritzia emateko eta 7.784 gerturatu dira hautetsontzietara, %28,73. Gure Esku Dagok lanean jarraituko du Euskal Herrian «erabakia gauzatu arte, libre eta demokratikoki».

Bortziriak, Imotz-Basaburua, Sakana eta Mendialdeko 24 herritako 7.784 bizilagun gerturatu dira gaur hautetsontzietara, Gure Esku Dagok bultzatutako galdeketetan parte hartzeko. Botoa emateko aukera zuten 27.000 herritarren %28,73, hain zuzen ere. Euskal Herri osoan, jada 150.000 lagunek baino gehiagok erakutsi dute burujabe izateko borondatea.

Leitzan eman ditu azken parte hartze datuak herri dinamikak eta hantxe egin dute egunaren balorazioa. «Ahaldundu egin gara. Herriz herri antolatu gara, galdeketaren aldeko indarrak bildu ditugu, herritarrei galdetu diegu eta sinaduren bidez gutxieneko atxikimenduak bildu ditugu, atxikimendu anitzak bildu ditugu, mintegiak eta tailerrak egin ditugu galdera adosteko… prozesu parte-hartzaile eta bateratzailea egin dugu galdeketara iristeko», nabarmendu dute. Horren guztiaren emaitza izan dira gaurko galdeketak, ehunka boluntarioren laguntzarekin.

Gaurkoak Nafarroan ere erabakiaren bideari ekiteko borondatea eta konpromisoa badela erakutsi du Gure Esku Dagoren iritziz, «ezina ekinez egiten delako». Eta horregatik, datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dute, «borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz, Euskal Herrian erabakia gauzatu arte, libre eta demokratikoki».

«Bide berri bat hasi dugu Nafarroan, jarraipena izango duen itxaropenarekin», adierazi dute.