NAIZ
BAIONA

Jean Lassallek ustekabekoa eman eta diputatu segituko du

Euskal Herrian hautatutako hiru diputatuak Macronen sokakoak izatea espero bazen ere, Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetako bigarren itzulian Jean Lassallek ustekabekoa eman du eta irabazi egin du laugarren barrutian. Euskal Herriko beste bi barrutietan Lasserre-David eta Bru hautagaiek irabazi dute, hurrenez hurren, bosgarren eta seigarrenean.

Jean Lassalle. © Marie-Lan Nguyen
Jean Lassalle. © Marie-Lan Nguyen

Bazirudien ez zuela bat berak ere errepikatuko. Duela bost urteko hauteskundeetan diputatu hautatu zituzten hirurek eserlekuak galdu zituztela segurutzat jotzen zen. PSko Sylviane Alaux-ek (seigarren barrutian) aukera guztiak joan zen igandeko lehen itzulian galdu zituen, eta gaurko bigarren itzulian alderdi bereko Colette Capdevielle erori da. Sorpresa Jean Lassallek eman du, eta eutsi egin dio erronkari.

Lehen itzuliko joera berretsi da beste bi barrutietan. La République en en Marche-LREM izan da jaun eta jabe horietan, egia bada ere benetako irabazlea abstentzioa izan dela.

Laugarren barrutian (honek Euskal Herriko kantonamenduak ez ezik, Biarnoko batzuk ere barnebiltzen ditu) Lassallek sortutako aukera txikia aprobetxatu du lehen itzulian bozkatuena izan zen Loïc Correge-ren aurrean. Biarnotarra euskal lurraldeetan ere bozkatuena izan da. 

Bosgarren barrutian Florence Lasserre-Davidek irabazi du bigarren itzulian.

Seigarren barrutian, Macronen hautagaiari Les Républicains indarreko (lehen UMP) Maider Arostegi saiatu da aurre egiten, baina alferrik altxatutako olatua dela-eta.

Lehen itzulian bezalaxe, bigarren honetan ere abstentzio handia izan da beste protagonista nagusia. Boz baliogabeak eta zuriak ere asko igo dira, bai lehen itzuliarekin alderatuta bai orain dela bost urteko bigarren itzuliarekin alderatuta.

Lassalle: «Inork ez zuen espero»

Egin dituen lehen adierazpenetan, Lassallek aitortu du «inork ez zuela espero» berak irabaztea. «Barnealdeko euskal herritarrek eta biarnesek ez dituzte joera nazionalak onartzen ahal» esanez azaldu du bere garaipena. Aurretik irabazi dituen beste hiru hauteskundeetan gertatutakoa jarri du adibide: laugarren hautesbarrutiko boto-emaileek Estatuko joeren aurkakoa egin dute, bai Chiracen legealdian bai Sarkozyrenean bai Hollanderenean.

 
IV. HAUTESBARRUTIA
 
Hautagaiak   Botoak %
Jean Lassalle (Résistons!) 19.787 %52,79
 
Loïc Corrégé (LREM) 17.694 %47,21
 
Botoak Zuriak Baliogabeak % Abstentzioa
42.780 3.768 1.531 %46,63
LEHEN ITZULIKO EMAITZAK HEMEN .

 

V. HAUTESBARRUTIA
 
Hautagaiak   Botoak %
Florence Lasserre-David (LREM) 20.623 %57,03
 
Colette Capdevielle (PS) 15.536 %42,97
 
Botoak Zuriak Baliogabeak % Abstentzioa
40.552 3.015 1.378 %55,43
LEHEN ITZULIKO EMAITZAK HEMEN

 

VI. HAUTESBARRUTIA
 
Hautagaiak   Botoak %
Vincent Bru (LREM) 22.872 %62,51
 
Maider Arostegi (LR) 13.715 %37,49
 
Botoak Zuriak Baliogabeak % Abstentzioa
42.859 4.487 1.785 %56,88
LEHEN ITZULIKO EMAITZAK HEMEN