@gara_miantzi
Bera

Nafarroako trialsin txapeldunak ireki du Beran hain erranahi bereziko bozkalekua

Bizikletaren gainean saltoak eginez eman du Berako lehendabiziko botoa Oier Mitxelena Nafarroako trialsin txapeldunak, ilusioz, adi begiratzen zioten bizilagunez inguratuta. Bere aurreneko bozka ere izan da, 16 urte baititu. Ez zekien hautetsontzian zer egin behar zen ere eta «hagitz urduri» zegoen, baina batez ere kontent.

Bizikleta gainean bozkatu du Oier Mitxelenak. (NAIZ.EUS)
Bizikleta gainean bozkatu du Oier Mitxelenak. (NAIZ.EUS)

Aitzinetik, txalapartarekin hasi da Gure Esku Dagoren goizeko ekitaldia, Berako Altzate kalean. Igande goizeko bederatziak izan arren, jende mordoxa bildu da. Dantza alaiak ere izan dira, eta guardia zibilen patrol bat aurrean gelditu bada ere, ekitaldiak berdin-berdin segitu du, irririk galdu gabe.

«Gaurko herri galdeketek esanahi berezia dute nafarrontzat. Nafarroa Garaiaren estatus politikoa zehaztu zenean, herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Ukatu zitzaigun Foru Hobekuntza bozkatzeko aukera. Gaur, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera pasatu gara, sinestuz herritarron hitza aintzat hartzea eta hautetsontziak kalera ateratzea dela bidea, herri baten etorkizun politikoa erabakitzeko», adierazi dute Maria Irigoien eta Patxi Castillo Eman Bortzekoa elkarteko kide gazteek.

Gaur Nafarroako 24 udalerritako herritarrek estatus politikoari buruzko iritzia bozaren bidez adierazteko aukera dute. Lau eskualde bustiko ditu Gure Esku Dagoren olatuak: Bortziriak, Imotz-Basaburua, Mendialdea eta Sakana. Hurrengo ekitaldia Altsasun izanen da, 12.30ean, eta azkena Leitzan, 20.30ean.

Irigoien eta Castillok nabarmendu dutenez, aukera hau herritarrek ireki dute. «Ahaldundu egin gara. Herriz herri antolatu gara, galdeketaren aldeko indarrak bildu ditugu, herritarrei galdetu diegu eta sinaduren bidez gutxieneko atxikimenduak bildu ditugu, atxikimendu anitzak bildu ditugu, mintegiak eta tailerrak egin ditugu galdera adosteko… prozesu parte-hartzaile eta bateratzailea egin dugu galdeketara iristeko, eta gaur, hamaika boluntarioren laguntzarekin, galdeketak egiten ari gara. Gaur, erabakitzen ari gara. Ilusio handiz, Nafarroan ere erabakiaren aroa zabaltzeko gogoz».

Kontsulten prozesu orokorra aberastuz, galdera aukera ezberdinak jarri dituzte. «Ezberdinak izanagatik, bi kontzeptu nagusi ageri dira denetan: nafartasuna eta burujabetasuna».

Hala, Nafarroako bertze eskualdeak erabakiaren bidean sartzera animatu dituzte. «Demokrazian sakontzen eta burujabeago izaten laguntzen du. Azken batean, etorkizuna erabakitzea denoi dagokigu, denon kontua da, denon artean egin behar dugu».

Parte hartzeko eta botoa emateko deia egin diete Bortzirietako, Imotz eta Basaburuko, Mendialdeko eta Sakanako herritar denei ere. «Etorkizuna gure esku dago! Eta denok gara ezinbestekoak!».