Ertzaintzaren 27. promozioa atzeratzeko eskaera baztertu du Gasteizko Parlamentuak

Ertzaintzaren 27. promozioaren Lan Eskaintza Publikoa sei hilabete atzeratzea proposatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos taldeek Gasteizko Legebiltzarrean, baina EAJ, PSE eta PPren botoekin atzera bota dute.

NAIZ|2017/06/19 11:59|2 iruzkin
Comision-interior
Segurtasun Batzordean eztabaidatu dute Ertzaintzaren promozioaren proposamena.(Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek erdibideko zuzenketa aurkeztu dute Gasteizko Legebiltzarrean eta Ertzaintzaren 27. promozioaren Lan Eskaintza Publikoa sei hilabete atzeratzea proposatu dute, epe horretan Polizia autonomikoak behar dituen helburuak aztertu eta, behin hori egin ondoren, emaitzaren araberako lan eskaintza egiteko.

Lakuak aurten egitekoa duen Lan Eskaintza Publikoak 300 ertzain gehiago aurreikusten ditu.

Proposamena Legebiltzarreko Erakunde eta Segurtasun Batzordean eztabaidatu dute baina ez du aurrera egin, EAJk, PSEk eta PPk aurka bozkatu baitute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Ertzaintzaren egokitzapen plan baten beharra planteatzen zuten, horren arabera zehaztu ahal izateko lan eskaintza publikoan atera behar den lanpostu kopurua. Egungo ratio polizialak eta «behar objektiboak», «delinkuentziari buruzko tasen arabera», zein diren kontuan hartu behar direla defendatu dute, baita gastu eta aurreikuspenak aintzat hartu behar direla.

Julen Arzuaga parlamentariak ohartarazi duenez, «zentzugabekeria» da Ertzaintzaren promozioarekin aurrera jarraitzea «benetan dauden behar objektiboak aldez aurretik aztertu gabe».

Edurne Garcia Elkarrekin Podemoseko ordezkariak nabarmendu du polizia asko izateak ez duela segurtasuna bermatzen delinkuentzia modu berrien aurrean, eta polizia eredua «birpentsatu» egin behar dela defendatu du.

EAJko Iñigo Iturratek esan du Ertzaintzaren plantilla 8.000 poliziatan ezartzeko erabakia «ez da zerutik erori», baizik eta polizia adituek egindako azterketaren ondorio da.

Hainbat herritan Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikora ez aurkezteko kartelak agertu direla-eta kezkatuta agertu da jeltzalea.

PSEko Txarli Prietok esan du EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ekimena «inprobisatua» izan dela eta PPko Nerea Llanosek adierazi du poliziaren presentziak «lasaitasuna» ematen diela herritarrei.