Naiz
Baiona

Ikastolen Elkartasun Kutxak 100.000 euro eman ditu Etxepare lizeoaren eraikuntzarako

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak Baionako Etxepare Lizeoko obrak bisitatu ditu gaur arratsaldean, Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Jeff Mateo Lizeoko lehendakariarekin batera.

Etxepare lizeoko obrak bisitatu dituzte gaur. (Ikastolen Elkartea)
Etxepare lizeoko obrak bisitatu dituzte gaur. (Ikastolen Elkartea)

Ikastolen Elkarteak Euskal Herri osoko ehunetik gora ikastola biltzen ditu, tartean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 34ak ere. Familia bakoitzak urtero 15 euro ematen dizkio Elkartasun Kutxari eta behar gehien duten ikastolak laguntzen dira, argitu du Ikastolen Elkarteak ohar batean. Aurten, Elkartasun Kutxak Baionako Etxepare lizeo berriaren eraikuntza 100.000 eurorekin laguntzea erabaki du.

2017 urtean zortzi proiektu babestuko ditu Elkartasun Kutxak. Baionako Etxepare Lizeoaz gain, Hiriburuko Ametza ikastola, Tuterako Argia eta Lodosako Ibaialde, Bilboko Harrobia eta Bastida zein Argantzungo ikastolak lagunduko ditu.

Etxepare lizeo berriko lanak udan bukatuko dira. Irailean 300 ikaslek beteko dute Etxepare lizeoa bere alor ezberdinetan: orokorra, teknologikoa eta profesionala edo lanbide heziketa.

Lanbide heziketa izan dute aipagai hain zuzen ere arratsaldeko bisitan. Seaskak lanbide heziketarako aurkeztu dituen hiru sailetatik bi onartu zituen Hezkuntza Ministerioko adarra den Errektoradutzak, Hedabide saila baztertuz.

Baina orain dela gutxi jakinarazi dute bietatik bakarra, Sozial Arloari dagokiona, kontuan hartuko dutela. Bigarrena, Komertzioari dagokiona, Seaskak hartuko du bere gain, gaurko prentsaurrekoan Paxkal Indo lehendakariak adierazi duenez. Datorren ikasturtean bi sailak irekiko direla segurtatu du.