NAIZ
GASTEIZ

Bizkaiko zahar-egoitzetako grebalariek Emakundera jo dute

Emakunderen egoitza nagusiaren aurrean, Gasteizen, elkarretaratu dira greban diren Bizkaiko zahar-egoitzetako langileak, sektoretik prekarietatea ezabatzeko helburua duen gatazkan esku hartzeko eskatzeko.

Bizkaiko zahar-egoitzetako langileak elkarretaratzea egin dute Emakunderen egoitzaren aurrean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Bizkaiko zahar-egoitzetako langileak elkarretaratzea egin dute Emakunderen egoitzaren aurrean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bizkaiko zahar-egoitzetako langileak, 200 greba-egun baino gehiago egin ostean, elkarretaratu dira Emakunderen egoitza nagusiaren aurrean, eta gutun bat eman diote Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidari. Horren bidez erakunde autonomoak Bizkaiko zahar-egoitzetako gatazkan esku hartzea eskatu diote.

«Elkarretaratze horren bidez agerian utzi nahi izan dute Emakunderen utzikeria, eta baita esku-hartzerik eza ere, lan-gatazka horrekiko, prekarietatea nagusi den sektore feminizatu horretako gatazkarekiko. Pribatizazioen aldeko erabaki politiko batzuek emakumeen esplotazio-baldintzak iraunarazi dituzte, eta horren ondorioz gizarteko pertsonarik ahulenenei zerbitzu publiko eskasa eskaintzen zaie. Edonola ere, helburua bakarra da: enpresa bakan batzuen etekinak zaintzea, nahiz eta %90ean emakumeak diren langileen baldintzak prekarizatzearen kontura izan», azaldu du ELA sindikatuak.

«Orain arte erakunde horrek erakutsi duen utzikeria eta esku-hartzerik eza deigarriak dira. Izan ere, erakunde horren helburuen artean daude emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea, emakumeak ahalduntzea, eta besteak beste, okupazio-segregazioa salatzea, hori baita diskriminazioaren jatorrian dagoen faktoreetariko bat», gaineratu du ELAk.

«Beste aldera begiratzeko jarrera eta geldotasuna are larriagoak dira, Emakunderen jardute-esparruetako bat herri-administrazioekin batera berdintasunaren alde elkarlanean aritzea delako. Oraingo honetan, ostera, gatazka eta egoera honen errudun nagusia Bizkaiko Foru Aldundia da, berak finantzatzen baitu %70ean zerbitzu publiko pribatizatu hori; baina, gatazka konpontzen ahalegindu beharrean, gatazka enkistatzen lagundu du, sektoreko patronalei babesa emanez, borroka indargabetuz, langileak ikusaraziz, eta langileei begirunea galduz, bigarren mailako herritarren gisa tratatuz —menpekoak, manipulatzeko modukoak, ekimenik gabeak, erabakitzeko gaitasunik gabeak izango balira bezala—», salatu du ELAk.