NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiarn Euskara Planaren bost artikulu baliogabetu ditu EAEKo Auzitegi Nagusiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren bost artikulu baliogabetu ditu, komunikazio instituzionala, kontratazio administratiboak, diru-laguntzen jasotzaileen eginkizunak, argitalpenak eta internet eta intranet sareei buruzkoak, hain zuzen ere. Euskara Plana aurten bukatzen da, beraz epaiak ondorio «mugatuak» izango ditu, baina hala ere Aldundiak helegitea aurkeztuko du.

Mikel Irizar, Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. (GIPUZKOA.EUS)
Mikel Irizar, Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. (GIPUZKOA.EUS)

Gipuzkoako Foru Alduniak jakinarazi duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak 2013-2017 Euskara Planaren bost artikulu baliogabe utzi ditu, arrazoi tekniko edo «idazketearen interpretazio estu» bati helduta, MIkel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak azaldu duenez. Komunikazio instituzionala, kontratazio administratiboak, diru-laguntzen jasotzaileen eginkizunak, argitalpenak eta internet eta intranet sareei buruzko artikuluak dira, hain zuzen ere.

«Epaiak artikulu horiek baliogabetzeko ematen dituen argudioek ez dute gure hizkuntza politikaren funtsezko irizpideen aurka egiten», nabarmendu du Irizarrek. Nolanahi ere, eta «epai judizial guztiek behar duten errespetua ezertan gutxietsi gabe», Gipuzkoako Aldundiak «ez du bat egiten epaiak erakusten duen ikuspegiarekin» eta kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean.

Irizarrek azaldu duenez, baliogabetzen diren artikulu guztien kasuan, administrazioarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituen herritarraren eskubideak ikusi ditu arriskuan auzitegiak. Alabaina, ziurtatu du arau hori Diputatuen Kontseiluak 2014an onartu zuenez geroztik, Aldundiaren praktikak erakutsi duela, «zalantzarik gabe gainera», ez dela inoiz erreklamaziorik izan erakunde horrekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituzten herritarren aldetik.

«Izatekotan, gure plangintzak eta ahaleginak zorrotz aplikatzen ditugun arren, gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarren kexak eta erreklamazioak jaso izan ditugu», gaineratu du.

Epaiaren ondorio praktikoei dagokienez, «mugatuak» izango ditu, Euskara Plana aurten bukatuko baita. «Baliogabetzen diren artikuluen kasuan egin behar diren egokitzapen teknikoak eginda, Aldundiak hizkuntza berdintasunaren aldeko politikak garatzen jarraituko du, orain arteko ikusmolde eta hedadura berarekin», adierazi du Irizarrek.