NAIZ
GALDAKAO

Larriki gaixo dagoen Txus Martinen askatasuna eskatu du Galdakaoko Udalak

Galdakaoko Udalak Txus Martin Hernando larriki gaixo dagoen presoaren askatasuna eskatzen duen mozioa onartu du. Ibon Uribe alkateak Zaballan dagoen euskal presoa bisitatu ahal izatea eskatuko du eta Espetxe Zaintzako arduradunarekin elkarrizketa galdegingo du.

Galdakaoko osoko bilkuraren irudia. (GALDAKAO.EUS)
Galdakaoko osoko bilkuraren irudia. (GALDAKAO.EUS)

Galdakaoko Udalak Txus Martin Hernando presoaren askatasuna eskatzen duen mozioa onartu du, EAJ, EH Bildu, Galdakao Orain, Usansolo Herria eta Irabazi udal taldeen babesarekin.

Testuan gaixotasun larria duen presoa aske uzteko eskatzen du Udalak, «haren bizitza eta osotasun fisiko nahiz psikikoa babesteko», eta horretarako «legedi orokorraren eta espetxe-legediaren tresnak berehala martxan» jartzeko galdegiten du. 

Mozioaren bigarren puntuan jasotzen denez, Ibon Uribe alkateak eta udalerriko ordezkari talde batek Zaballako kartzelan dagoen Txus Martini bisita egin ahal izatea eskatuko dute ofizialki, modu horretan «euren laguntza humanitarioa helarazi ahal izango diote eta, aldi berean, presoak berak jakinarazitako zehaztasunak ere ezagutu ahal izango dituzte».

Horrekin batera eta «premiatasunez», Espetxe Zaintzako arduradunarekin elkarrizketa eskatuko du Udalak, «euskal preso gaixoren bat aske jartzea eskatu duten gainerako udalerrietako alkateekin batera adostuta».

Azkenik, alkate horiekin batera adostu daitezkeen beste zenbait ekimen aztertuko ditu, «giza eskubideen arloko beharrizan hau nabarmentzeko, euskal jendartea mobiliza dadin laguntzeko eta konponbidean aurrera egiteko».