NAIZ
BILBO

Adin txikiko bat atxilotu dute Bilbon, emakume bati ukituak egitea egotzita

17 urteko adingabe bat atxilotu du bart Ertzaintzak Bilbon, emakume baten aurkako sexu eraso bat egotzita. Ustez, ukituak egin zizkion emakumeari, hau bere etxebizitzako atarira sartzen ari zenean.

Ertzaintzak berak eman du jazotakoaren berri: emakume bat bere etxeko atarira sartzen ari zela adingabe batek eraso egin dio sexualki, ukituak egin baitizkio. Hala, ustezko erasotzailea atxilotu du indar polizial autonomikoak.

Erasoa jazo den lekutik gertu zegoen bikote batek lagundu dio biktimari, eta lanorduz kanpo aurkitzen zen ertzain baten laguntza izan dute ustezko erasotzailea bertan edukitzeko. Ondoren, errefortzuak iritsi direnean, atxilotu dute 17 urteko gaztea.

Goizaldeko 5.00ak aldera jazo da erasoa, Bilbo erdiguneko atari batean. Biktima bere etxebizitzaren aurrean aurkitzen zen, atea ireki nahian, gazteak atzetik eraso egin dionean, ukituak eginez.

Emakumeak oihuka erantzun dio erasoari, eta gertu aurkitzen ziren bikote bat segituan gerturatu da biktimari lagundu asmoz. Hala, ustezko erasotzailea atxikitzea lortu dute, hau ihesari emateko prest baitzen ordurako.

Gainera, lanorduz kanpo zegoen ertzain bat zebilen inguruetan, eta honek hartu du egoeraren gaineko kontrola laguntza gehiago iritsi bitartean. Atxilotua, 17 urteko gaztea, polizia-etxera eraman dute. Emakume baten aurkako sexu-abusuak egitea egozten diote.