NAIZ
DONOSTIA

Charles Lloyd saxofoi-jotzaileak jasoko du Donostiako Jazzaldiaren 52. edizioaren saria

Charles Lloyd saxofoi-jotzaile estatubatuarrak jasoko du aurtengo Donostia Jazzaldia Saria. Stefan Winterren ikuskizun berritzaileak emango dio hasiera festibalaren 52. edizioari, uztailaren 20an.

Charles Lloyd, 2010ean, Getxoko Jazzaldian. (Marisol RAMÍREZ/ARGAZKI PRESS)
Charles Lloyd, 2010ean, Getxoko Jazzaldian. (Marisol RAMÍREZ/ARGAZKI PRESS)

«Charles Lloyd egiazko elezahar bat da musikaren munduan eta erraza luke jada egina duen ibilbidearekin atseden hartzea, baina iraganari begira egotea ez zaio inoiz interesatu. Haren kontzertuak eta grabazioak edertasunez, dotoreziaz, emozioz eta grinaz beterik daude». Hitz horiexekin deskribatu du Lloyd Heineken Jazzaldiaren antolakuntzak, saxofoi-jotzaile estatubatuarrak 52. edizio honen Jazzaldia Saria jasoko duela iragarri duenean.

Charles Lloydek (Memphis, Tennessee, 1938) antolakuntzari adierazi dio pozarren jasoko duela ezaguna duen saria. Izan ere, 2002an, bertatik bertara ikusi zuen Elvis Jones saria jasotzen. Egun hartan, Lloydek agertokia partekatu zuen Jonesekin eta saria eman zioten ekitaldira joan zen.

Uztailaren 22an, bere laukote berriarekin kontzertua eskainiko du Lloydek, Trinitate plazan.

Inauguraziorako, mundu mailako estreinaldia

Bestalde, antolakuntzak jakinarazi du Stefan Winterren ‘Poem of a Cell’ ikuskizun berritzaileak inauguratuko duela Donostia Jazzaldiaren 52. edizioa.

Obraren mundu mailako estreinaldiak uztailaren 20an emango dio hasiera festibalari, Zurriolako hondartzan, gaueko 22.30ean.

Filma proiektatzen den bitartean, 60 musikari baino gehiagok zuzenean joko dute, haien artean Uri caine, Mark Helias, Clarence Penn, Barbara Walker, Joachim Badenhorst, Saada Nassor, Kettwiger Bach Ensemble edo Forma Antiqva.