NAIZ
GASTEIZ

Hala Bedik lizentziarik gabeko irratiek bizi duten egoera latza salatu du Parlamentuan

Gasteizeko Parlamentuan lizentziarik ez duten irratien egoera latza azaldu dute Hala Bedi Irratiko kideek. Kanpokaldean «Ilegala banaiz, alda zuen legea» leloa zuen pankarta batekin kontzentratu dira irratiko eta herri mugimenduko kideek.

Gasteizko Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute Hala Bediko kideek. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Gasteizko Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute Hala Bediko kideek. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

«Hala Bedi Irratia 1983.urtean sortu zen Gasteizen. Hastapenak ez ziren errazak izan, orduko agintariek, ez bait zituzten maite uhin berri horietatik entzuten zituzten mezuak. Garai hartan, ez zegoen lizentzia lortzeko aukerarik, eta beraz, arazo legal ugari izan genituen.  Ordutik hona, asko aldatu eta hazi da gure proiektua. Kolektiboan, jende anitzak parte hartzen duelako batetik, eta teknologien garapenak zabaldu dituen aukerei esker, bestetik. Gure uhinak asko hedatu dira geroztik han hemenka», azaldu dute Legebiltzarrean.

«1986. urtean,  Eusko Jaurlaritzak irrati lizentzien lehiaketa antolatu zuen eta mende laurden bat itxaron behar izan genuen, PSE eta PPren esku zegoen Eusko Jaurlaritzak,  irrati lizentziak esleitzeko lehiaketa berria abiatu zuen arte. 80. hamarkadan burutu zen lehiaketa horretara ez aurkeztea erabaki genuen. Besteak beste, gure moduko irratiak ez zirelako aintzat hartzen, hots, irrati komunitarioak. Lehiaketa berriari dagokionez, horren oinarriak irakurri eta berehala, beste behin ere, irratigintzaren eta jendartearen errealitateari erantzuten ez ziola ohartu ginen. Izan ere, ez ziren inondik inora kontutan hartzen euskararentzako gutxienekoak, ezta irrati komunitarioen ezaugarriak ere. Halaxe salatu zuen Euskal Herriko Irratien Federazioa osatzen duen Arrosa Irrati Sareak, 2009ko urrian Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian», gogoratu dute.

«Diala publikoa da, eta beraz, Eusko Jaurlaritzak, guztion parte hartzea ahalbidetzeko bermeak ezarri beharko lituzke. Zentzu horretan, esan daiteke, orduko Gobernuak, lehiaketan parte hartzeko aukerarik gabe utzi zituela irrati asko eta asko. Hori ez da ondare publikoa banatzeko modu ekitatiboa. Europako beste herrialdeetan gertatzen ez den bezela, oihanaren legeak nagusi izaten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoko dialean. Hau da, teknologikoki ekipo potenteena erosteko dirua duten irratiak dira herritarrek entzun ditzaketenak. Eta halaxe birproduzitu zen lizentzien lehiaketaren oinarrietan zein esleipenean ere. Ondorioz,  soilik dirua zuten irratiek parte hartu ahal izan zuten lehiaketan. Diala, gaur egun, Madrilen egoitza duten irrati kate komertzial erraldoien eta beraien sukurtsalen eskuetan dago eta lehiaketak bide horretan sakondu zuen. Imaginatu dezakezue ze nolako jendartea sortuko genukeen medikua edo irakaslea izateko oposaketetan herritarrek urte osoko soldata ordaindu beharko balute? Ba hori da Eusko Jaurlaritzak irratiekin egin zuena. Aukera berdintasunaren arrastorik ez», salatu dute.

Ibilbide larri hau ez du konpondu lizentzien azken deialdiak. «Lehiaketan parte hartu ahal izateko, 100.000 euroko fidantza ordaindu behar izan genuen, alegia, urte osorako daukagun aurrekontua baino gehiago. Kolektibo eta norbanako askok eta askok gugan jarritako konfidantza eta diruagatik izan ez balitz, lehiaketatik kanpo egongo ginateke. Horrez gain, langile bat kontratatu behar izan genuen prozesua kudeatzeko. Baina kontutan izanik, Halabediren lanaren gehiegoa militantziari esker gauzatzen dela, esfortzurik handiena humanoa izan zen. Ba al dakizue zenbat ordu eskaini genizkion lizentziaren gaiari? Ba al dakizue denbora horretan zenbat proiektu baztertu behar izan genituen lizentzien aferari behar bezela heltzeko? Dirua eta denbora galduarazi digu Eusko Jaurlaritzak. Dirua erreklamatu daiteke, baina denbora berreskuratzerik ez dago. Kalte konpondu ezinak eragin dizkigu Jaurlaritzaren jokabideak», bota dute.

Lehiaketan irrati kate espainol nagusiek (Vocento, Ser, Punto Radio) eta Noticias taldea lizentzia guztiak lortu zutela gaineratu dute.