Zornotzako Emakume Taldeak sexu erasoa gaitzetsi eta jaiak askatasunez bizitzea aldarrikatu du

Zornotzako Emakume Taldeak bart herriko jaien harira jazo sexu erasoa «emakume guztien aurkako erasoa» dela adierazi du eta, berau gaitzestearekin batera, jaiak askatasunez bizi eta gozatzeko aldarria egin du.

NAIZ|ZORNOTZA|2017/07/16 23:00

Bart Zornotzan jazo den eraso sexistaren harira, Zornotzako Emakume Taldeak ohar bat kaleratu du aipatu erasoa gaitzetsiz: «Ez dugu mota honetako jarrerarik onartuko, ez hemen eta ez inon».

Gisa honetako erasoekin amaitzea guztion ardura dela azpimarratu dute, «guzti-guztiona». «Kasu honetan, emakumeak alde egin eta salaketa jarri du», azaldu dute, eurek ere salaketarekin bat egiten dutela gaineratuz: «Eraso hau emakume guztien aurkako erasoa da, eta eraso bakoitzari erantzun kolektiboa emango diogu».

Zentzu horretan, beharrezkoa denero indarkeria sexista mota guztiak ikusarazten eta salatzen jarraituko dutela adierazi dute, jaiak «askatasunez» bizi eta gozatu nahi dituztelako: «Horregatik, erasotzaileei aurrean izango gaituztela eta jai guneetatik kanporatuak izango direla ohartarazten diegu».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK