Leon erregearen 30 urte ospatuko dituzte aurtengo Baionako jaietan

Iazkoak ez bezala, aurtengo festak normaltasuneko bidean dira berriro ere. Izan ere, segurtasun neurri itzelak hartuko badira ere, Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak ospakizunak ohi moduan egiteko «berme aski» dagoela adierazi du gaur goizean egitarauaren nondik norakoak aurkezterakoan.

Arantxa MANTEROLA|BAIONA|2017/07/17 18:08|Iruzkin 1
Baiona-besta
Baionako besten aurkezpena, Jean-Rene Etchegaray auzapeza buru izan dela. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Uztailaren 26tik 30erako bost jai egunetan izan herritar, festazale edota hiriarekiko inolako eraso eta gehiegikeriarik, ezta kutsu sexista duenik ere, ez dituztela onartuko nabarmentzearekin batera, hori izan da segurtasunari buruz Etchegarayk egin duen aipamen bakarra. Esparru horri lotutako agerraldi berezia agindu du datorren ostegunerako, fiskalaren eta suprefetaren laguntzarekin.

Gainerakoan, aurtengo egitarauren hainbat zehaztasun eman dituzte. Hasteko, bestetan Lapurdiko hiriburuko agintea hartzen duen Leon erregearen 30. urteurrena ospatuko dute. Horren karietara, besteren artean, udalak material desberdina kaleratuko du (elastikoak, edalontziak…).

Hiru elkarte omenduak

Berrikuntza bezala, eta jaietan egiten duten ekarpen eskerga aitortze aldera, urtero hiru elkarte omenduko dituzte. Hala, jaien hasieran, herriko etxeko balkoian Gurutze Gorria, Or Konpon eta elkarte Nautikoko ordezkariak izango dira.

Horrez gain, egunero gai baten inguruan jorratuko dira jaien ekitaldiak. Asteazkena, Errobi ibiaiak izango du protagonismoa, ostegunean haurrek, ostiralean elkarteek, larunbatean ohiturek eta iganden Iruñearen eguna.

Nobedade gisa, besten hasierako ekitaldian aurten ez da bertsolaririk izango baina euskarak (eta gaskoinak ere) presentzia izango dutela adierazi dute, zehazki, Agur jaunak abestiarekin.

Egitaraua eta bestelako zehaztasunak http://www.fetes.bayonne.fr/ web orrian ikus daitezke.