NAIZ
DONOSTIA

Aste Nagusia arriskuan dela ohartarazi dute Donostiako Piratek

Lakuako Gobernuak ezartzen dituen tasa altuak direla eta aurtengo Donostiako Aste Nagusi Pirata arriskuan dagoela ohartarazi dute.

Kaian gaur egin dute agerraldia Piratek. (DONOSTIAKO PIRATAK)
Kaian gaur egin dute agerraldia Piratek. (DONOSTIAKO PIRATAK)

«Benetan kezkatuta gaude kaiaren erabilera adosteko Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketetan jaso dugun jarrera ezkorrarekin. Gure ustez herritarrok erraztasun guztiak izan beharko genituzke herritar guztiei irekiak diren ekimenak eremu publiko batean antolatu ahal izateko. Gure uste sendoa hori izanda ere, ezaguna dugu errealitatea eta, horregatik, administrazioekin eztabaidatu eta akordio batetara iristeko borondatea erakutsi dugu beti», adierazi dute Piratek gaur egin duten agerraldian.

Irabazi asmorik gabeko mugimendua bada ere, kaian antolatzen duten jaia «salerosketa aktibitatea gertatzen denez tasa komertziala» aplikatzen die Lakuak. Planteamendu honekin ados ez badira ere, Lakuari tasa komertzial hau ordaintzeko malgutasuna eskatu zioten. Montajea eta desmontajea ematen diren egunetan tasarik ez kobratzea edota eszenatokiak eta komunak okupatzen duten eremuengatik ez pagatzea proposatu zuten.

«Azalpenak ematen hasi bezain laister ezezkoa jaso genuen. Eta kezkatuta gaude, Jaurlaritzak adostasun batetara iristeko borondaterik agertzen ez badu, ez dakigulako aurten Aste Nagusi Pirata egitea posible izango ote den», ohartarazi dute.

«Egitaraua antolatu dugu, lanerako gogoz dauden ehundaka bolondres prest ditugu eta Aste Nagusi Pirataz gozatzeko milaka pertsona daude zain. Falta zaiguna administrazioaren borondatea da, adostasun batetara iritsi ahal izateko borondatea», gaineratu dute.

Hori dela eta, luzatutako proposamena berriro aztertzeko eskatu diote Lakuari eta baldintza hauek eztabaidatzeko prest daudela gaineratu dute.