@Ion_Salgado
GASTEIZ

Gasteizko Txosna Batzordeak AEKri emango dio aurtengo Txosnisaria

«Hainbeste urtetan zehar euskara ikasteko aukera eman digute gutako askori eta lan garrantzitsua egin dute txosna giroa euskalduntze aldera. Sari bat merezi dute bertako irakasle, bolondres eta ikasle guztiek. Beraz, haientzako izango da aurtengo Txosnisaria, Korrikak 20 urte bete dituen honetan», azaldu du Gasteizko Txosna Batzordeak.

Gasteizko Txosna Batzordearen agerraldia. (GASTEIZKO TXOSNAK)
Gasteizko Txosna Batzordearen agerraldia. (GASTEIZKO TXOSNAK)

Aurtengo Txosnisaria AEKri ematea erabaki dute Gasteizko Txosnek. «Hainbeste urtetan zehar euskara ikasteko aukera eman digute gutako askori eta lan garrantzitsua egin dute txosna giroa euskalduntze aldera. Sari bat merezi dute bertako irakasle, bolondres eta ikasle guztiek. Beraz, haientzako izango da aurtengo Txosnisaria, Korrikak 20 urte bete dituen honetan».

Goizean burututako prentsaurrekoan azaldu duten bezala, txosnagunean zortzi txosna, bi karpa eta karpa amankomun bat egongo dira. Bi espazio nagusiez gain, azken urteetan bezala, Gazte Karpak ere programazio berezia eskainiko du.

«Baina ez da bakarra izango. Kalera Kalera karpan egitarau propioa osatu dute, eta Bertsozale Elkarteak eta Errekaleorrek ere hainbat jarduera antolatu dituzte. Modu honetan, arratsaldetik aurrera ia orduro, jardueraren batetaz gozatzeko aukera izango dugu», esan dute, eta egun bakoitzak izaera berezia izango duela nabarmendu dute.

Abuztuaren 5ean preso eta iheslarien eguna izango da; abuztuaren 6an, «entxosnazio» eguna; abuztuaren 7an, igandea, gazte eguna izango da; abuztuaren 8an, herri botere eguna; eta abuztuaren 9an, azkenik, egun feminista.

Emakumeak ere protagonistak izango dira abuztuaren 7an. «Egun horretako kontzertu guztiak emakume musikarien esku utzi ditugu», adierazi dute, eta Gasteizko Udalaren jarrera salatu dute.

Izan ere, duela hainbat hilabete emakume talde batek uztailaren 24an, Santiago bezperan, hirigunean kontzertu bat egiteko eskaintza helarazi zion Txosna Batzordeari. «Guk berehala agertu genuen guztia lotzeko eta koordinatzeko borondatea baina kontzertu hori, ordea, ezin izango da gauzatu, Udalaren kolaborazio ezagatik», esan dute.

Diotenez, Udalak ez zeukan kontzertu hori finantzatzeko dirurik eta arazo horren aurrean, Txoana Batzordeak barra jarri eta txandak egiteko prestutasuna azaldu zituen. «Bertan ateratzen zen diruarekin kontzertua finantzatzeko asmoa genuen, baina Udalak barra jartzeko baimena ukatu zigun, jarduna bideraezina bihurtuko zuela jakinda ere», gaineratu dute batzordeko kideek, urte asko Iberdrolarekin lan egin ostean, argindarrerako hornitzailea aldatu dutela jakinarazi dutenek.

Azkenik, jai eredu euskaldun, parekide, anitz, parte hartzaile eta herrikoiaren aldeko apustua berretsi dute. «Hori dela eta, eraso sexisten gaitzespena eta berdintasunezko harremanen aldeko apustua egin nahi dugu. Gasteizko Txosna Batzordeak bere egiten du Gasteizko Mugimendu Feministak datozen egunotan aurkeztuko duen eraso matxisten aurkako protokoloa, eta eraso horien aurrean, autodefentsarako deia egiten diegu emakume guztiei eta, oro har, jendarte osoari, jai gunean gerta litekeen edozein erasoen aurrean batera erantzuteko», azpimarratu dute.