NAIZ

Itziar Plaza euskal presoari Reauko espetxean eraso egin diotela salatu du Kalera Kalerak

Itziar Plaza Fernandez euskal preso politikoari eraso egin diote Reauko espetxeko emakumeen moduluan, Kalera Kalera dinamikak salatu duenez. Preso arrunt batek kolpatu egin zuen buruan eta lurrera erori ondoren ostikoak eman zizkion. Horrelako gertaerak «deserriratze eta sakabanaketaren» ondorio zuzena direla salatu dute Reauko gainerako euskal presoek.

Kalera Kalerak ohar batean zabaldu duenez, Itziar Plaza Fernandez euskal presoari eraso egin zion preso arrunt batek Reauko espetxean, emakumeen moduluan, uztailaren 11n. Azaldu duenez, preso arrunt bat euskal preso politikoekiko «jarrera erasokorra» agertzen hasi zen, «probokazio, irain eta eraso ez fisikoak» eginez. Guztien aurrean egiten zituen eta espetxezainek «jakinaren gainean» zeuden arren, ez zuten neurririk hartu «gerta zitekeen eraso larriagoa ekiditeko».

Erasotzaileak Itziar Plazari, beste kiderik ondoan ez zuenean –hiru euskal preso daude Reauko emakumeen moduluan–, bi ukabilkada eman zizkion buruan. Plaza lurrera erori zen eta bertan zegoela ostikoak eman zizkion, Kalera Kalerak adierazi duenez. Erasoaren ondorioz kolpeak eta ubelduak ditu buruan eta gorputzean.

Reaun dauden gainerako euskal presoek salatu dute horrelako gertakariak «deserriratze eta sakabanaketaren» ondorio zuzena direla. Estatu frantsesean 71 euskal preso daude, 20 kartzelatan sakabanatuta. Espetxe gehienetan bi eta hiru preso daude, «isolamenduaren mugan, horrek sortzen duen babesgabetasunarekin», salatu du Kalera Kalerak.

Dinamika horrek gogoratu duenez, azken hilabeteotan Estatu frantseseko beste espetxe batzuetan ere izan dira euskal preso politikoen aurkako erasoak: Valencen, Villepinten eta Fresnesen, kasu.