Ane Urkiri
DERIO

Mundua aldatzeko helburuarekin abiatu da Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentzia Derion

Aurreneko hiru egunetan gazte eta emakume asanbladak egon dira ere, gaur goizean eman zaio hasiera ofiziala Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentziari. Mundu guztiko laborariak elkartu dira Derioko Seminario Zaharreko areto nagusian ongi etorria jasotzeko, grinaz beterik.

Via Campesinaren Konferentziaren hasiera ekitaldi ofiziala. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Via Campesinaren Konferentziaren hasiera ekitaldi ofiziala. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Eskualdeka aurkeztu dituzte mundu osotik Deriora bertaratutakoak (800 laborari inguru), aurretik euskal kulturaz koloreztatu duten antzokian. Aurreskua, kaxarranka, euskal kantuak, zanpantzarrak eta nola ez, irrintziek ikusle atzerritarrak aho zabalik utzi dituzte. «Hainbat hizkuntza eta kultura batu gara gaurkoan», adierazi du Alazne Intxauspek, EHNE sindikatuko kideak. 

Ska doinuekin aretoa zutitu da, eskuak elkar lotu eta elkartasuna adieraziz. Euskal boluntarioek baratzeko elikagaiak ere elkarbanatu dituzte bertan zeudenekin. Hori horrela, Elizabeth Mpofu Via Campesinako koordinatzaile nagusiak azaleratu du Euskal Herriak bere jaioterria gogoratzen diola: «Nire bigarren etxea da, hemengo elikagaiek Zimbawe gogorarazten baitidate». 

Dantzan zegoen aretoa seriotasunera itzuli da arazo, behar eta hobekuntzez mintzatzean. Unai Arangurenek, Via Campesinako Europako ordezkaria eta EHNE-Bizkaiako kideak, jakinarazi du munduan hiru minututik behin baserri bat desagertzen dela. «Lauzpabost saltoki handiek merkatu guztia kontrolatzen dute», oroitarazi du. Horregatik, hazi, lur, baso eta uretara sarbide askea aldarrikatu du, politika justuak ezartzearekin batera. Era berean, Via Campesinaren borroka honetan gizartearen parte-hartzearen beharra aipatu du Arangurenek. «Hasiera eman zaion VII. Nazioarteko Konferentzia mundua aldatzeko aurrerapausoak emateko helburuarekin abiatu da», nabarmendu du. 

Elizabeth Mpofuk, bestetik, erakunde publikoek konponbide faltsuak emateari uzteko aldarria egin du. «Gaur egungo agintariak ez dira egokiak, beraien buruetan bakarrik pentsatzen dute, zikinkeriaz beterik dauden transnazionalekin egiten dituzte akordioak». Aranguneren bide beretik jarraiki, Via Campesinako koordinatzaile nagusiak guztien konpromisoa eskatu du, «elkarrekin lan egiteko, izan ere gure etsaiak erraldoiak dira eta mundu guztiak lagundu behar du gure eskubideak lortzeko borroka honetan».