NAIZ
GASTEIZ

Burujabetza energetikorako behar zituen 100.000 euroak lortu ditu Errekaleor Bizirik! plataformak

Ekainaren 3an hasitako kanpaina bukatzeko bi egun falta zirela, finkatu zuten 100.000 euroen langa gainditu dutela iragarri dute Errekaleor Bizirik! plataformako kideek. Hala, auzo autogestionatuan burujabetza energetikoa errealitate bihurtu ahal izango dute.

Errekaleorren aldeko manifestazioa, ekainaren 3an. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Errekaleorren aldeko manifestazioa, ekainaren 3an. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Lortu dugu!». Twitterren zabaldutako mezu horrekin iragarri du Errekaleor Bizirik! plataformak 100.000 euro biltzeko helburua bete egin dutela. Hortaz, 550 eguzki plaka jarri ahal izango dituzte, auzoaren burujabetza energetikoa bermatuz eta bertan bizi diren 150 pertsonen beharrak asetzeko.

«Aurreikuspen guztiak gainditzeko», ekarpenak egiteko oraindik bi egun daudela gogorarazi dute.

Diru bilketa ekainaren 3an hasi zuten, ‘Coopfunding’ plataformaren bidez, eta dagoeneko 1.200 inguru dira ekimenarekin bat egin duten norbanako edo eragileak.

Egun hartantxe, milaka lagunek Errekaleor proiektuari babesa adierazteko manifestazioa egin zuten Gasteizen, Gorka Urtaran alkateari jarrera alda zezala eskatzeko.

Maiatzaren 18an, Lakuako Industria Sailaren aginduz, auzo autogestionatuan argindarra moztu zuten Iberdrolako langileek. Ertzain ugari bertaratu ziren eta auzoa babesten ari ziren hiru lagun atxilotu zituzten

Orain, «Euskal Herri mailan energetikoki isolaturiko espazio handiena» gauzatzeko moduan izango dira Errekaleorreko bizilagunak.