NAIZ

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak bukatutzat eman dute WOPeak espedizioa

Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak bukatutzat eman dute WOPeak 2017 espedizioa, eguraldi txarragatik. Gasherbrum I eta II mendiak lotzea zuten helburu, estilo alpinoan eta ohiko bideetatik kanpo.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza, aklimatazioan. (WOPEAK ESPEDIZIOA)
Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza, aklimatazioan. (WOPEAK ESPEDIZIOA)

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak WOPeak 2017 espedizioa bertan behera uztea erabaki dute, eguraldi txarragatik. Beren babes taldeak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, oinarrizko kanpamenturaino jaitsi dira hirurak, «zailtasunekin», Gasherbrum I eta II mendiak igotzeko bigarren saiakerak porrot egin ondoren. 

Azaldu dutenez, lehenengo saiakeran bezala, bigarrenean elur-bisuts indartsuak izan dituzte eta hautatutako bideetan elur kantitate handia metatuta zegoen. Ondorioz, oinarrizko kanpamentura jaistea erabaki zuten. Jaitsiera «arriskutsua» izan zen.

Hiru mendizaleak, ekainean aklimatatu ostean, uztailaren 8an abiatu ziren G-I (8.068 metro) eta G-II (8.035 metro) mendien tontorrak biak batzen dituen lepotik lotzeko asmoz, beheko kanpalekura jaitsi gabe. 

Lehen saiakeran atzera egin behar izan zuten, haizete eta elurragatik. Joan zen asteazkenean abiatu ziren berriro, baina hasierako asmoa aldatu eta Gasherbrum IIra bakarrik igotzea erabaki zuten, Kukuczka-Kurticka bidetik.

Oraingoan ere eguraldia ez dute lagun izan eta lehenik bigarren kanpamentura eta ondoren behekora jaistea erabaki zuten, espedizioa amaitutzat emanez.