NAIZ
SANTANDER

Oriok irabazi du Santanderko estropada, Urdaibairi azken txanpan aurrea hartuta

Orio izan da garaile Santanderren jokatu den V. CaixaBank Banderan. Urdaibairekin lehia estua izan du azken metroetan eta azkenean gipuzkoarrak sartu dira lehenak helmugan, ia bi segunduko aldea aterata. Eusko Label Ligako sailkapen nagusiaren buruan Urdaibaik jarraitzen du, Hondarribia da bigarren eta oriotarrak, hirugarren.

Orioko arraunlariak, Santanderren irabazitako banderarekin. (@CRO_OrioAE)
Orioko arraunlariak, Santanderren irabazitako banderarekin. (@CRO_OrioAE)

V. CaixaBank Bandera zuten jokoan gaur Eusko Label Ligako traineruek, Santanderren, eta ikuskizun polita eskaini dute.

Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku nahiko parekatuak joan dira lehen ziabogaraino, lau segunduko aldearekin lehena eta laugarrenaren artean. Bigarren luzean Orio eta Urdaibai pixkanaka aurrea hartzen joan dira eta bien artean segundu bateko aldea zegoela egin dute bigarren ziaboga, oriotarrak aurretik. Kaiku pixkanaka atzean geratzen hasi da.

Hirugarren ziabogan ere Orio izan da lehena, Urdaibairi hiru segunduko aldea aterata, eta azken luzea benetan ikusgarria izan da. Helmugarako 700 metro inguru falta zirela, bizkaitarrek gipuzkoarrak harrapatu dituzte eta parekatuta joan dira bi traineruak; une batean Urdaibai jarri da aurretik baina Oriok erreakzionatu egin du, olatu bat hartu du eta azken metroetan aurrea hartu die bermeotarrei. 20:02ko denbora egin dute oriotarrek eta 1,84 segundura sartu da Urdaibai. Hondarribia izan da hirugarren, ia 12 segundura, eta Kaiku laugarren, 28 segundura. Haien atzetik sailkatu dira San Juan, Cabo, Zierbena, Tiran, Ondarroa, Astillero, San Pedro eta Ares.

Ligaren sailkapen nagusian Urdaibaik jarraitzen du buruan, 78 punturekin. Hondarribia da bigarren, 73 punturekin; Orio hirugarren, 71 punturekin, eta Kaiku laugarren, 55ekin.

Bihar Adegi Bandera izango dute jokoan, Pasaian.