NAIZ

PPrekiko duen jarrera alda dezala eskatu dio Aralarrek EAJri

EAJk PP «laguntzea» erabaki du Aralarren ustez, eta Kupoaren inguruan egin duten akordioa «estrategia horren zati bat besterik ez da». Horrek ondorio kaltegarriak izango dituela gaineratu du; horregatik, PPrekiko duen jarrera aldatzea eskatu die jeltzaleei.

Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta, agerraldian. (NAIZ.EUS)
Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta, agerraldian. (NAIZ.EUS)

Egungo egoera politikoaz eta EAJren eta PPren arteko harremanaz hitz egiteko prentsaurrekoa eskaini du Aralarrek. Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta izan dira bertan, eta jeltzaleek Alderdi Popularra «laguntzea» erabaki dutela adierazi dute: «Kupoaren inguruan egin duten akordioa estrategia horren zati bat besterik ez da».

Aipatu akordioaren ondorioak «latzak» izango direla aurreratu dute alderdiko eledunek: «Kataluniaren kontrako politika antidemokratikoen lagun bihurtu dira [jeltzaleak] eta Euskal Herrian murrizketak areagotzen ari dira, krisiaren ondorioetan sakontzen dute eta zerbitzu publikoen kalitateak behera egiten du».

Horregatik, eskatu diote EAJri PPrekiko duen jarrera alda dezala eta demokrazia, erabakitzeko eskubidea eta zerbitzu publikoen defentsaren aldera mugi dadila.

Egungo egoera politikoaren analisia, berriz, hiru ardatzetan oinarrituta egin du Aralarrek: bakera eta elkarbizitza; erabakitzeko eskubidea eta egoera demokratikoa, ustelkeriaren aurkako borroka barne; eta politika sozialak, ekonomikoak eta abar.

Errelatoaren eztabaida aipatu dute, eta batzuk oraindik irabazle eta galtzaileek gizartea irudikatu nahi dutela salatu. «Beste batzuk beren interes politiko alderdikoiak lehenesten dituzte», biktimen aferan kasu.

Kataluniara begira ere jarri da Aralar, eta Estatu espainiarraren arazoa Kataluniarekin baino «demokraziarekin» dela adierazi dute eledunek: «Demokraziak eta legalitateak talka egiten dutenean edo bateragarriak ez direnean, demokraziaren alde jokatu eta aukeratu behar da beti».

Eta politika sozialei dagokienez, Kupoaren akordioari erreparatu diote. Honen ondorioz euskal erakundeen ahalmenak gutxitu egingo direla salatu dute, «Madrilen menpe utziz».