NAIZ
PASAIA

Adegi bandera irabazita, ligari estutua eman dio Hondarribiak

Eusko Label ligako bigarren bandera irabazi du Hondarribiak igande honetan Pasaiako uretan. Garaipenak ligako aurreko postuei estutu bat emateko balio die, denboraldi guztian zehar erregulartasun bikaina erakusten ari den Urdaibaik lidergoan jarraitzen duen arren.

Hondarribiarrak, akzioan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Hondarribiarrak, akzioan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Pasaiako badian ontziratu dira igande honetan txalupak, estropada eremu berezi batean, normalean baino ziaboga gehiago eman behar izan baitituzte. Horrek indarra garrantzitsua izatea ahalbidetu duen estropada lehiatzera eraman ditu arraunlariak.

Datorren asteartean lehiatuko den Euskal Herriko txapelketa ate joka, aldaketa dezente eginda ontziratu dira traineru gehienak.

Azkenean, Hondarribia suertatu da garaile, Urdaibairi sei segundotako abantaila aterata. Orio izan da ohorezko txandan hirugarrena, baina estropadako sailkapenean Zierbenaren atzetik geratu da, laugarren postura eroriz.

Eusko Label ligari dagokionez, irabazi duen bigarren bandera du gaurkoa Hondarribiak. Bandera kopuru bera irabazi du Urdaibaik ere, baina liga guztian zehar erakusten ari den erregulartasunari esker sailkapen nagusiko lidergoan aurkitzen dira bizkaitarrak 89 punturekin. Lau gutxiago ditu Hondarribiak, eta 80 Oriok, nahiz hiru garaipenekin aurtengo denboraldian bandera kopuru gehien lortu dituen taldea izan.

Beheko postuei dagokienez, estropada ona izan da Aresentzat, Astilleroren aurretik egin izanagatik ere Tiran atzetik utzi baitu. Hala, azken estropadetan saihestu ahal zian duen azken postura erori da berriz Astillero.