NAIZ

Gasteizko udal igerilekuak itxita daude bigarren egunez, sorosle eta begiraleen greba dela-eta

Gasteizko udal igerilekuak itxita daude gaur bigarren egunez jarraian, begirale eta sorosleek atzo hasi zuten greba dela-eta. Jarraipena «nahiko handia» izaten ari dela adierazi du LABeko ordezkari batek.

Gamarrako igerilekua, Gasteizen. (Jon HERNÁEZ/ARGAZKI PRESS)
Gamarrako igerilekua, Gasteizen. (Jon HERNÁEZ/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko udal igerilekuetako sorosle eta begiraleek atzo hasi zuten greba, Arabako kirol jardueretako gainerako langileekin batera, sektore horretako enpresek egin dieten eskaintza ekonomikoa –%1eko soldata igoera begiraleei eta %7koa sorosleei– nahikoa ez dela uste baitute. Greba LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dute eta uztailaren 31ra arte luzatuko da, eskaintzan aldaketarik egin ezean bederen. Guztira 450 sorosle eta begirale inguru daude deituta.

Lanuzteak Gasteizko udal igerilekuetako sorosle eta begiraleei ere eragiten die eta Mendizorrotza eta Gamarrako instalazioak itxita daude horregatik, bigarren egunez. 

Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Mendizorrotzan eguzkia hartzeko zelaigunera bakarrik sar daiteke, eta Gamarran «kirol klub» zerbitzua –gimnasioak– bakarrik dago erabilgarri.

Aldabe, Lakua, Judimendi eta San Andres gizarte etxeetako zentroetako igerilekuak, eta Lakua, Astronomoak, Abetxuko, Zaramaga eta Adurtzako pilotalekuak eta Hegoalde eta Ariznabarrako rokodromoak ere itxita daude grebagatik.

LABeko Bittor Gonzalezek Efe agentziari adierazi dionez, lanuztea «nahiko handia» izaten ari da lehen bi egun hauetan. Oraingoz sektoreko enpresen deirik ez dutela jaso azaldu du eta deitzen dietenean negoziatzeko prest daudela erantsi du. Gonzalezek Udalaren bitartekaritza eskatu du, zerbitzu publikoa izaki.

Udalak erabiltzaileei greban eragiten dizkien eragozpenak deitoratu ditu.