NAIZ
GASTEIZ

Gasteizen asteburuan izandako sexu-erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute

Gasteizko Udalak deituta, elkarretaratze isila egin dute gaur goizean Plaza Berrian udalbatzako eta blusa eta nesken ordezkari eta herritarrek, asteburuan izan den sexu-erasoa gaitzesteko. Emakume batek salaketa aurkeztu zuen bortxatua izan zelako. Erasotzailea atxilotu eta espetxeratu egin dute. Gaur arratsalderako mugimendu feministak deitu du kontzentrazioa.

Plaza Berrian egin dute elkarretaratzea Gasteizko udal ordezkari eta blusa eta neskek. (GASTEIZKO UDALA)
Plaza Berrian egin dute elkarretaratzea Gasteizko udal ordezkari eta blusa eta neskek. (GASTEIZKO UDALA)

«Gasteiz eraso matxisten aurka» lelopean, hamar minutuko elkarretaratze isila egin dute gaur goizean Plaza Berrian Udalak deituta, asteburuan izan den sexu-erasoa gaitzesteko. Udaleko eta beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera izan dira blusa eta nesken taldeetako kideak eta herritarrak.

Gorka Urtaran alkateak esan duenez, «irmotasunez gaitzetsi nahi dugu eraso matxista hori. Gure elkartasun, babesa eta laguntza eskaini nahi dizkiot biktimari baita bere inguruko pertsonei ere».

Gaur Blusen eta Nesken Eguna ospatzen dutela-eta, eta datozen egunetan Gasteizko jaiak izango direnez, alkateak honako deia egin du: «Gasteiz hiri modernoa den heinean, elkarrekiko harremanak errespetuan oinarritu behar dira gure hirian, emakumezkoen, gizonezkoen edota LGTBI kolektiboaren eskubideak errespetatuz. Eta hori ulertzen ez duenik badago, gera dadila bere etxean».

Salaketa igandean aurkeztu zuen emakume batek, gizon batek bortxatu egin zuela-eta. Astelehen goizaldean atxilotu zuten eta atzo arratsaldean espetxeratu egin zuten, epailearen aurretik igaro ostean.

Arratsaldean, mugimendu feministaren kontzentrazioa

Mugimendu feministak deituta, gaur arratsaldeko 20.00etan elkarretaratzea egingo dute Andra Mari Zuriaren plazan, sexu-erasoa salatzeko.