NAIZ

Hamahiru pertsona hilda topatu dituzte Mediterraneoan, Libiako kostaldean

Libiako kostaldean jitoan zebilen itsasontzi batean hamahiru lagunen gorpuak topatu ditu Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Ontzian 167 pertsona zihoazen, Italiako kostaldera iritsi nahian.

Proactiva Open Arms GKEren erreskatea Mediterraneoan. (@openarms_fund)
Proactiva Open Arms GKEren erreskatea Mediterraneoan. (@openarms_fund)

Proactiva Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) Twitter bidez jakinarazi duenez, hamahiru pertsona hilda topatu dituzte Italiako kostaldera iritsi nahian zebilen itsasontzi batean.  

Azaldu duenez, ontzia jitoan zebilen eta barruan 167 pertsona zeramatzan. Horietatik hamahiru hilik zeuden erreskatatzera joan direnean, tartean haurdun zeuden emakumeak.

«Hamahiru hilotz guztira. Izenik, abizenik, amarik, aitarik, lagunik eta bizitzarik ez zuten pertsonak», deitoratu du GKE horretako sortzaile Oscar Campsek.

Beste erakunde batek, Save the Childrenek, Europako kostaldera zihoan beste ontzi txiki batean zeuden 70 migratzaile inguru erreskatatu ditu.

2.200 hildako aurten

Libiako kostaldetik Italiarako bidea itsasoz egin nahi zuten 2.200 pertsona inguru hil dira aurten, Migrazioen Nazioarteko Erakundeak emandako datuen arabera. Urte hasieratik hona 93.000 lagunek lortu dute iItalia hegoaldeko kostaldera iristea, gehienak Libiatik, iaz baino %5,72 gehiago.

Ingurune horretan herrialde desberdinetako hamabost GKE inguru aritzen dira erreskate lanetan. Gaur bilera dute Italiako Barne ministro Marco Minnitirekin, nola jardun behar duten elkarrekin adosteko.