NAIZ
BILBO

Bilboko Burdin Hesia babesteko eta zaintzeko proiektua aurkeztu du Urkulluk

Burdin Hesia babesteko eta zaintzeko, eta Bilbo Gerra Zibilean babestu nahi zuen defentsa-lerro hori balioesteko proiektua aurkeztu du gaur goizean Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakariak. Defentsa lerro-hori Euskadiko Memoria Demokratikoaren ibilbidean sartuko dute.

Bilboko Burdin Hesia babesteko proiektuaren aurkezpenean izan diren agintariak. (IREKIA)
Bilboko Burdin Hesia babesteko proiektuaren aurkezpenean izan diren agintariak. (IREKIA)

Aurkezpena Bilboko Gogora Institutuaren egoitzan egin da eta, lehendakariarekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarro, foru aldundietako agintariak eta Burdin Hesiak zeharkatzen dituen 33 udalerrietako udal ordezkariak egon dira.

Lehendakariak ekitaldian nabarmendu duenez, proiektu honek «pairatutako oinaze bidegabea» azalarazten du eta, halaber, «bizikidetza demokratiko bat eraiki eta defendatzeko eta bakean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko eginiko esfortzua» aitortzen du. Proiektuak bere alderdi pedagogikoa dauka ere, Urkulluk azaldu duenez, «irizpide kritikoak eta sendoak dituen gizarte» bat sortu nahi baitu, «gerraren, totalitarismoaren, terrorismoaren edo indarkeria mota guztien aurrean».

Erakundeen arteko akordioa

Lakuako Gobernuak, aldundiek eta inplikaturiko udal guztiek erakundeen arteko akordio bat sinatuko dute hemendik gutxira. Horren xedea izango da lankidetza-eremu komun bat ezartzea Euskadiko historiaren barruan garrantzi handia duen pasarte horri loturiko osagai hau babestu, sendotu eta azaleratu ahal izateko.

Lakuako Gobernuak Burdin Hesiko osagaiak babestuko ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez eta Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean jasotako mekanismoez baliatuz. Aldundiak, beren aldetik, Burdin Hesiko osagaia sendotzeaz arduratuko dira, beren eskumenen barruan. Eta udalak, identifikatutako osagaien ingurunea txukun mantentzeaz arduratuko dira.

Zer da Burdin Hesia?

Burdin Hesia, 1936ko Gerran Bilbo eta bere inguruneak Francoren armadarengandik babesteko eraikitako defentsa-lerroa izan zen. Agirre lehendakaria buru zuen Eusko Jaurlaritza berriak eraiki zuen 80 kilometro inguruko eta ferra itxurako defentsa-lerro hori Bilbo eta inguruko herriak, Abra badiako portua eta argi- eta ur-hornidurak babesteko. Defentsa-lerroak 300 osagaitik gora zituen: lubakiak, alanbre-hesiak, babeslekuak edo gotorlekuak, besteak beste. Francoren armadak ekainaren 19an hartu zuen Bilbo. Bi aste lehenago bere babes-sistema, Burdin Hesia alegia, apurtua zuen, Alejandro Goicoechea Omar bere sustatzailearen traizioari esker, lerroaren planoak armada kolpistari helarazi baitzizkion.

Hesiak 33 euskal udalerri zeharkatzen zituen. Egun, baina, 25 dira aztarnaren bat duten udalerriak eta aztarna horiek guztiak babestu egingo dira.