KOLDO OTAMENDI

Hatortxu gogotsu abiatu da Beriainen

Hatortxu Rock (ARGAZKI PRESS)
Hatortxu Rock (ARGAZKI PRESS)

Indarrez abiatu zen atzo Hatortxu Rock jaialdiaren 20. edizioa. Euskal Herrian egiten den musika jaialdirik erraldoiena den honek, egitarau ederra prestatu du igandera bitartean. Guztira laurogei musika talde ariko dira Lakuntzan zuzenean, musikalki koktelera koloretsu eta anitza eskainiz.

Goizeko lehen orduetatik gerturatu ziren musikazaleak Lakuntzara. Kanpalekuan ehundaka koloreko kanpin-denda ikus zitezkeen eguerdirako, eta herrian ere musika gosea nabari zen. Eguraldi beroa, beroagoa izateko itxura zuen gaualdi baterako. Aurretik lau egun, laurogei musika talde, eta musikatik haratago dozenaka ekitaldi eta ekimenez gozatzeko aukera ederra. Eguerdirako milaka batzuk ziren, gauerako askoz gehiago.

Bost eszenatokietan banatuak izan dira taldeak, eta musikalki askotariko doinuak entzun ahal izango dira bertan. Ez dago eskenatoki zehatz bat non musika era bat nagusitzen den; denetarik dago agertoki bakoitzean. Alde ona, talde asko ikusteko aukera. Txarra, berriz, ordutegien bikoiztasuna, izan ere, une berean bi emanaldi (baita hiru ere) ospatzen ari dira. Agian, herriko eskenatokia da musikalki lasaiena.

Hasiera-ekitaldiak eman zion irteera lau egunetako dezibelio festari. Sorkun izan zen oholtza hartu zuen lehena, herriko eszenatokian bere bandaren laguntzaz, bere musika ibilbideari errepaso eginez “Ziklomorfosia” disko berriko kantuekin batera. Aurretik, Sakatu elektrotxarangarekin kaleak girotu zituzten. Jendeak mamboa nahi zuen eta zer hobe kaleko giroarekin egitea. Ordu erdi beranduago piztu ziren Beriain guneko bafleak. Hatortxu honetan ugariak izango dira banda nafarrak; esaterako, lehen egun honetan aritutako Leihotikan eta El Sonido de la Metralla. Talde beteranoa da Leihotikan, punk rock melodikoa lantzen hogei urteko ibilbidea duena. El Sonido de la Metralla, berriz, musika eszenako zakur zaharrez osaturiko banda berria da eta abiadura biziko erritmoak eta salaketa mezuak uztartzen dituzte. Eskenatoki gainean ere horrela egin zuten. Biak ala biak emanaldi politak eskaini zituzten, horrela gauari hasiera indartsua emanez. Leihotikan taldeak ‘‘Ikusi Mendizaleak’’ kantuaren moldaketa punk-rokeroarekin itxi zuen bere saioa, jendeak dantza bizian eta algaraka erantzun zuen.

Bi eskenatoki paraleloetan ospatzen dira emanaldiak, eta hortaz, aukerak egitea besterik ez da geratzen, ordu berean beti bi talde jotzen ari direlako. Willis Drummond taldekoek oholtza nagusia hartu zuten ordu berean, Raperos de Emaus bestelako giroetan taularatu zen karpa azpian Titanians taldea lagun zuela. Lapurdiko bandaren emanaldiaren lehen zatia ikusi genuen , “Tabula Rasa” disko berriko kantuak, betiko abestiekin tartekatu zituzten, Tartean, Mikel Laboak ezagun egin zuen ‘‘Gaztetasuna eta zahartasuna’’ kantua barne. Amaitzean, presoen aldeko banderola aireratu zuen Jurgi Ekiza abeslariak zaletuen txaloen artean. Gau osoan zehar ugariak izango ziren presoen aldeko aldarriak.

Willis Drummond azken akordetan utzi genituen Raperos de Emaus eta Titanians taldeen arteko elkarlana ikusteko. Bi talde hauen arteko egitasmoa 2014an jaio zen, Raperos de Emaus, rap taldeko ahotsak, The Titanians reggae taldearekin elkartzean. Konbinazioak oso ondo funtzionatzen du, eta kantuak asko handitzen dira banda formatu honetan.

Esne Beltzaren kontzertua ikusteko ehunka ziren lehen lerroetan pilatuta ziren gazteak. Bitartean, Soziedad Alkoholika ikus zitekeen soinu probak egiten alboko agertokian. Esne Beltzak mestizaiaren mila koloreak ekarri zituen Lakuntzara, eta eurekin hasi ziren lehen dantzak. Lehen kantutik argi utzi zituzten gauzak ‘‘Bozgorailuetatik’’ kantuarekin hasi baitzuten musika festa. Xabi Solano mikrofonoa hartu eta Esne Beltzaren musika iturriak aipatu zituen: cumbia, rocka, rumba…. Baina sustraiak ahantzi gabe beti ere. Hori esan, eta ‘‘Pasodoble’’ kantua jo zuten, trikitilari zaharrak gogoan.

Karparen azpian giro ilunagoak ziren nagusi. Estricalla taldearen abiadura biziko punk hardcoreak ehunka zaletu batu zituen erresistentzia doinuak entzuteko gogoz. Taldea sendo aritu zen oholtza gainean, azken diskoa den “Dramatik-Thlon” laneko kantuak nagusituz. Gogoan izan zituzten errefuxiatuak, bai eta Altsasuko gazteak ere. Konpromisoa eta musika.

Musikalki egun kañeroa zen ostegun gauekoa; egurra banatzen duten talde ugarik hartu zuten parte lehen gaualdian. Soziedad Alkoholikak inoiz baino zorrotzago astindu zituen gitarrak, bolumenak ere gora nabarmen egiten zuen bitartean. ‘‘Palomas y Buitres’’, ‘‘Piedra contra tijera’’, edota ‘‘Polvo en los ojos’’, izan ziren jo zituzten kantuetako batzuk. Egurra latza.

El Diluvi taldearekin erritmoak lasaitu ziren, eta dantzak itzuli ziren publikora. Alcoy hiriko bandak meztizajera jotzen du, eta dantza egin nahi zuenak karpa azpian bilatu zuen bere tartea. Lerro hauek ixterakoan milaka ziren Beriain mendiaren magalean musikaz gozatzen ari zirenak, eta oraindik gauak luze joko zuen. Narco, Porco Bravo, Def con Dos, Skakeitan, Green Valley, Dakidarria eta Strombers. Gaualdia, Elepunto vs. Jotatxo disko jartzaileen sesioarekin amaituko zen ordu txikitan.