NAIZ
DONOSTIA

Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen ‘The Square’ filmak irekiko du Zabaltegi-Tabakalera saila

Ruben Östlund suediarrak zuzendutako ‘The Square’ filmak, Cannesen Urrezko Palma irabazi zuenak, inauguratuko du Zinemaldiaren Zabaltegi-Tabakalera saila. Berlinen Urrezko Hartza irabazi zuen filma, Ilkido Enyedi hungariarraren ‘On Body and Soul’, Perlak sailean lehiatuko da.

Ruben Östlund suediarraren ‘The Square’ filmak irekiko du Zabaltegi-Tabakalera saila. (ZINEMALDIA)
Ruben Östlund suediarraren ‘The Square’ filmak irekiko du Zabaltegi-Tabakalera saila. (ZINEMALDIA)

Aurten ere oparo datoz Donostia Zinemaldiaren Zabaltegi-Tabakalera eta Perlak sailak, urteko film garrantzitsuenak presente egongo baitira atal hauetan.

Antolatzaileek iragarri dutenez, Ilkido Enyedi zinemagile hungariar zinemagilea, zeinak ‘Teströl és lékekröl / On Body and Soul’ fabularekin Urrezko Hartza irabazi zuen, honako hauen aurka lehiatuko da Donostia Hiria Publikoaren saria lortzeko: Canneseko Epaimahaiaren sariaren irabazlea, ‘Nelyubov / Loveless’, Andrey Zvyagintsev errusiar zinemagilearena, eta zinema-jaialdi frantsesaren Epaimahaiaren Sari Nagusiaren irabazlea, ‘120 battements par minute (120 BMP) / 120 Beats Per Minute’, Robin Campillorena, hau da, 2012ean Donostiako Sail Ofizialean lehiatutako Foxfire filmaren gidoilariarena.

Horiez gain, ikusleek emandako saria lortzeko lehian izango dira ‘Wonderstruck’, Brian Selznicken ipuinaren moldaketa, Canneseko lehiaketan ere izan zena, non Todd Haynesek Julianne Moore, Michelle Williams eta Oakes Fegley eta Millicent Simmonds haurrak zuzendu baititu, eta Sundancen estreinatutako bi film: ‘The Big Sick’, Michael Showalter zuzendariaren hirugarren lana, elkarren arteko desberdintasun kulturalei aurre egin behar dien arrazarteko bikote bati buruzkoa, eta Luca Guadagninoren ‘Call Me By Your Name’, zeina AEBetako zinema-jaialdia igaro ondoren Berlinalen proiektatu baitzen.

Joan den astean iragarri zutenez, ‘Loving Pablo’ koprodukzioak Perlak saila itxiko du.

Bestalde, ‘The Square’ filmak, Ruben Östlund suediar zuzendariaren azken lanak, hasiera emango dio Zabaltegi - Tabakalera sailari, Canneseko azken zinema-jaialdian Urrezko Palma irabazi ondoren, eta sail horretan lehiatuko dira, horrez gain, beste honako hauek: Philippe Garrelen ‘L’amant d’un jour / Lover for a day’, Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatua; eta ‘Tesnota / Closeness’, Kantemir Balagoven lehen lana, Un Certain Regard sailean aurkeztua.

Hemen aipatutakoekin iragarri ziren honako film hauek ere izango dira: Felix Viscarret zuzendariaren ‘Saura(s)’ filma, Cineastas contados sailaren barruan; ‘Muchos hijos, un mono y un castillo’, Gustavo Salmeronek zuzendutako lehen lana, zeinak Karlovy Varyn dokumental onenaren saria irabazi baitzuen; ‘No intenso agora / In the Intense Now’ dokumentala, João Moreira Salles brasildar zinemagilearena, Berlinen lehiatu dena; eta ‘Vergüenza’, Movistar+-en telesaila, Juan Cavestanyk eta Alvaro Fernández Armerok idatzi eta zuzendua; hain zuzen, lan horren mundu mailako estreinaldia izango da. Telesail bat Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko lehian sartuko den lehenbiziko aldia da.

Antolatzaileek datozen asteotan jakinaraziko dituzte bi sail horiek osatuko dituzten gainerako lanen izenak.