Munduko zinemagile garrantzitsuenetakoak izango dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian

Irailaren 22tik 30era bitartean egingo den Donostiako 65. Zinemaldiak munduko zinemagile garrantzitsuenak bilduko ditu, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko direnak.

NAIZ|DONOSTIA|2017/08/04 12:30
Disaster-artis
James Francoren ‘The Disaster Artist’ da Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango den filmetako bat.

Zinemaren munduko izen garrantzitsuek bat egingo dute berriro ere Donostian irailean, Zinemaldiaren 65. edizioaren harira. Urrezko Maskorra lortzeko lehiak zinemagile ospetsuak ekarriko ditu Gipuzkoako hiriburura, haien artean Barbara Albert zinemagile austriarra, Alexandros Avranas zuzendari greziarra, James Franco eta Matt Porterfield estatubatuarrak, Diego Lerman argentinarra, Ivana Mladenovic serbiarra, Olivier Nakache eta Eric Toledano frantsesak edota Nobuhiro Suwa japoniarra.

Zinemaldiak azaldu duenez, ‘Una especie de familia’, Barbara Lennie protagonista duen filma, Diego Lermanen (Buenos Aires, 1976) bosgarren film luzea da. Haren lehen obrak, ‘Tan de repente’ filmak, film onenaren Zilarrezko Lehoinabarra jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian, beste sari askoren artean. Haren filmak aukeratu izan dituzte Veneziarako, Canneseko Zuzendarien Hamabostaldirako eta Donostiako Horizontes Latinos sailerako. Hain zuzen, azken sail horretan haren aurreko bi filmak ere proiektatu dira: ‘La mirada invisible’ (2010) eta ‘Refugiado’ (2014).

‘Una especie de familia’ lanak antzekotasunak ditu, gaiari dagokionez, ‘Love Me Not’ filmarekin. Alexandros Avranas (Larissa, Grezia, 1977) zuzendariaren laugarren lana da hori. Avranasek Venezian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia lortu zuen ‘Miss Violence’ (2013) filmarekin. Jim Carrey eta Charlotte Gainsbourg antzezle protagonistekin ‘True Crimes’ (2016) egin ondoren, Avranasek ‘Love Me Not’ aurkeztuko du oraingoan: etorkin gazte bat alokairuko ama izateko kontratatzen duen bikote bati buruzko Greziaren eta Estatu frantsesaren arteko koprodukzio bat.

James Franco (Palo Alto, Kalifornia, Estatu Batuak, 1978) ‘The Disaster Artist’ komediaren zuzendari, ekoizle eta protagonista da. Filmak historiako film txar-onentzat hartutako obraren filmaketa kontatzen du; hain zuzen, ‘The Room’ (Tommy Wiseau, 2003) da pelikula hori, eta kultu-film bihurtu da amaieran. ‘The Disaster Artist’ ‘The Room’-eko protagonistetako batek, Greg Sestero aktoreak, idatzitako izen bereko liburuan dago oinarrituta.  Francok (‘127 hours’) ‘The Room’ filmaren zuzendari, gidoilari, aktore eta ekoizle Tommy Wiseau hezurmamituko du.



Olivier Nakachek (Suresnes, Estatu frantsesa, 1973) eta Éric Toledanok (Paris, 1971) 2011ko Zinemaldiari amaiera eman zioten ‘Intouchables’ filmaren munduko estreinaldiarekin. Lan horrek, gero, 35 sari irabazi zituen nazioartean egindako ibilbidean, eta mundu osoan arrakasta handiena lortu zuen film frantsesa izan zen. Nakachek eta Toledanok 2014an berriz eman zioten amaiera Zinemaldiari, ‘Samba’ filmarekin. Elkarlanean egin duten film berria ‘Le sens de la fête / C’est la vie!’ da, Frantziako XVIII. mendeko gaztelu batean ezkontza frenetiko batean girotutako komedia bat. Lan horrekin, lehenengoz sartuko dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian.

‘Soldaţii. Poveste din Ferentari / Soldiers. Story from Ferentari’ Ivana Mladenovicen (Kladovo, Serbia, 1984) fikziozko lehen film luzea da. Errumania, Serbia eta Belgikaren arteko koprodukzio horrek antropologo gazte baten istorioa kontatzen du. Antropologoa Bukaresteko auzo txiroenera joango da, Ferentarira, alegia, romanien komunitatearen pop musikari buruzko azterlana idazteko.

Barbara Albert austriar antzezle, gidoilari eta zuzendaria (Viena, 1970) Sail Ofizialera itzuliko da, ‘Licht / Mademoiselle Paradis’ filmarekin. Albert Locarnon eta Venezian lehiatu zen, ‘Böse Zellen / Free Radicals’ (2003) eta ‘Fallen’ (2006) filmekin hurrenez hurren, baita Donostian ere, ‘Die Lebenden / The Dead and the Living’ (2012) lanarekin. Oraingoan, pianista gazte itsu batek aurre egin beharreko dilema hunkigarrian sakondu du.

‘Sollers Point’ Matt Porterfielden (Baltimore, Estatu Batuak, 1977) azken filma da. Aurrez, kritikak txalotutako ‘Hamilton’ (2006), ‘Putty Hill’ (2010) eta ‘I Used to Be Darker’ (2013) filmak egin zituen, eta Wisconsin, Berlin eta Sundanceko zinema-jaialdietan estreinatu ziren, hurrenez hurren. McCaul Lombardi (‘American Honey’) da filmeko protagonista, eta droga-trafikatzaile txiki baten etxe barruko atxiloketak ematen dio hasiera ‘Sollers Point’-i.

Nobuhiro Suwak (Hiroshima, Japonia, 1960) Canneseko Fipresci saria eskuratu zuen bere bigarren filmarekin (‘M/Other’, 1999), baita Locarnoko Epaimahaiaren Sari Berezia ere, ‘Un couple parfait / A Perfect Couple’ (2005) lanarekin. Horrez gain, ‘Yuki & Nina’ (2009) idatzi eta zuzendu zuen, Hippolyte Girardotekin batera; film hori Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian estreinatu zen, eta Zabaltegi-Perlak sailaren aukeran sartu zen. ‘Hiroshima mon amour’ filmari buruz egin zuen remake-ahalegina, ‘H Story’, Zinemaldiko Japoniako zinema independente berria 2000-2015 atzera begirako zikloan sartu zen.

‘Le lion est mort ce soir / The Lion Sleeps Tonight’ filmak antzezle zahar bat (Jean-Pierre Lëaud) eta zinemagile izateko ikasten ari den haur talde bat biltzen ditu, bertan behera utzitako etxe batean.

Horiekin hamabost dira Sail Ofizialerako baieztatu diren filmak.

Arestian aipatutakoei gehitu behar zaizkie inaugurazioko filma eta joan den astean Estatu espainoleko zinemari buruzko prentsaurrekoan jakinarazitakoak: ‘Submergence’ (Wim Wenders), ‘El autor’ (Manuel Martin Cuenca), ‘Handia’ (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta ‘Life and Nothing More’ (Antonio Mendez Esparza), Urrezko Maskorra lortzeko lehian; ‘Marrowbone’ (Sergio G. Sánchez) eta ‘La peste telesaila’ (Alberto Rodriguez), lehiaketaz kanpo; eta ‘Morir’ (Fernando Franco) filmaren emanaldi berezia.

Datozen asteotan jakinaraziko du Zinemaldiak zeintzuko izango diren Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK