Goiaren Gobernuak «berandu eta gaizki» heldu dio turismoaren arazoari, EH Bilduren ustez

Donostiako EH Bilduk hiriburuko alkate den Eneko Goiaren Gobernuarengan jarri du turismoaren arazoaren gaineko ardura, honek «berandu eta gaizki» heldu diola salatuz. Masifikazioa eta ez-legezko pisu turistikoak dira kezka iturri nagusi koalizio independentistarentzat.

NAIZ|DONOSTIA|2017/08/05 12:10|30 iruzkin
0805_donostia_copy_
Donostiako Alde Zaharra, jendez gainezka. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Donostian pil-pilean dago turismoaren gaineko eztabaida, eta horretan bere alea jarri nahi izan du EH Bilduk prentsa ohar baten bidez. Turismoaren gorakada nabariaren harira, honen gainean egiten den kudeaketa ereduarengan jarri du azpimarra koalizio independentistak, eta Eneko Goiaren Gobernuak azken bi urteotan beste aldera begiratu duela salatu du.

Masifikazioa eta legez kanpoko pisu turistikoak ikusten ditu EH Bilduk arazoaren erdigunean, eta horretan ere Goiari ostrukarena egitea leporatu dio: «Bestetik, Alde Zaharrean, bizi kalitate minimo bat ziurtatu beharrean, Udal Gobernua kontrako norabidean ari dela salatu dute kolore guztietako auzotarrek».

Gaineratu dute koalizioko kideek pisu turistikoen gorakadaren ondorioz alokairuaren prezioak %17 egin duela gora 2016an, «eta horren ondorioz herritar askok hiritik kanpo joan behar izan dute bizitzera». Ildo horretan, leporatu diote Udalari hirian dagoen pisu turistiko kopuru zehatza ez jakitea; EH Bilduren iritziz, 1.500 legez kanpoko pisu turistiko daude Donostian.

Udal Gobernuak iragarri ordenantza berriaren inguruan, azaldu dute koaliziotik badela lehendik ere pisu turistikoak kontrolatzeko araudirik -Plan Orokorrean jasoa-, nahiz eta aitortu gutxitan betetzen dela aipatu araudia. Edozein kasutan, ordenantza berriaren aitzakian ez-legezko pisu turistikoentzat amnistiarik ez dutela onartuko adierazi dute EH Bildutik.

Masifikazioari dagokionez, Alde Zaharrak dituen zerbitzu beharrei egin die azpimarra koalizioak: Orixe ikastola, osasun-etxe berria... Afera hauek konpondu beharrean, EAJ eta PSE aurkako norabidean ari direla salatu du EH Bilduk.

Honen guztiaren aurrean, eztabaida «lasai» bat proposatu du, aitortuz diskurtso batzuk problematika zehatza ezagutu gabe eraiki direla: «Eztabaida lasaia behar da, irtenbide ahalik eta eraginkorrenak ezarri ahal izateko. Zentzu honetan, dagokigun arduraz jokatuko dugu».

EH Bilduk turismo proposamena aurkeztu zuen orain dela aste batzuk, eta etorkizunean proposamen horri helduko diotela aurreratu dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK