Gotzon ARANBURU

Kultur aukera bat baino gehiago Euskal Herrian

Arte zaletasuna duten pertsonek hainbat aukera izaten dute ikastaroak egiteko udan, baita abuztuan bertan ere. Adibidez, Nafarroako Museoak “La estructura de la figura humana al óleo. Dibujo y color” tailerra eskainiko du abuztuaren 7tik 11ra bitartean, goizeko 9etatik arratsaldeko 2ak arte. Joan den astean gizonezkoa izan da modeloa, eta aste honetan emakumezkoa izango da. Monica Lopez Garbayo izango da irakaslea.

Lapurdin, euskal dantzak ikasteko aukera dago Hendaian, abuztuaren 16tik 18ra arte. Bertako Udaleko Kultura eta Euskara Zerbitzuak antolatu du ikastaroa, eta Donibane Lohitzuneko Anai Gazteak taldeko Isabelle Larralde izango da irakaslea. Deialdiak dioenez, ikastaroa frantsesez izango da, baina «parte hartzaile ia guztiak erabat euskal hiztunak edo euskaraz zerbait dakitenak» izango dira.

Oso aberatsa da Gasteizen adineko pertsonentzat prestatutako tailer eskaintza, Txagorritxu, Zaramaga, Arana, El Pilar, Aranbizkarra… eta beste zenbait zentrotan. Batzuk aipatzearren, zura lantzeko ikastaroa, margotzekoa, altzariak zaharberritzekoa, chikung lorategian, argazki albumak prestatzeko ikastaroa, oinarrizko astronomia… eta robot bat pausoz pauso egiten ikastekoa.

Euskara ikasteko gogoa duten bilbotarrei aukera ematen die AEK udan. Ikastaro trinkoak (egunero bost ordu) eta mintzamena lantzekoak Lizardin eskainiko ditu, abuztuan eta irailean. Eta ikasturtea ondo hasi nahi dutenentzako, azterketak prestatzeko ikastaro laburrak eta auto-ikaskuntzako ikastaro trinkoak, azken hauek Indautxuko AEKn.