Beren aldarriak Mundakara eraman dituzte Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek

Egiten ari diren sentsibilizazio kanpainaren baitan, Bizkaiko zahar-etxeetako langileek, gutxienez abuztuaren 31ra arte greban egongo direnek, Mundakan izan dira beraien egoeraren berri ematen. Lan baldintza duinak lortu arte borrokan segiko dutela adierazi dute.

NAIZ|BILBO|2017/08/09 13:45|0 iruzkin
Mundaka-erresidentziak
Bizi duten gatazka azaltzeko Mundakan izan dira Bizkaiko zahar-etxeetako langileak. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Gutxienez abuztuaren 31ra arte greban egongo dira Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak, baina helburuak lortu bitartean greban jarraituko dutela ohartarazi dute.

Lan baldintza duinen alde eta prekarietatearen aurka greban dauden Bizkaiko zahar-egoitzeko langileek Mundakara eraman dituzte gaur aldarriak. Kostaldeko herri honen kaleetan barrena grebari buruzko pankartak eta kartelak jartzeaz gain, herritarrei beren egoeraren berri eman diete, egiten ari diren borrokaren nondik norakoak ere azalduz.

Gutxienez abuztuaren 31ra arte egongo dira greban, baina helburuak lortu artean borrokan segiko dutela ohartarazi dute.

Gatazka konpontzeko borondaterik ez

Langileek adierazi dutenaren arabera, ez patronalek ez Bizkaiko Aldundiak ez dute gatazka konpontzeko borondaterik agertu.

«Haien gogoko ereduaren arabera –nabarmendu dute zaharren egoitzetako langileek– axola gutxikoak dira gizarte-zerbitzuen iraupena eta beraien kalitatea. Haiek apustu egiten dute zerbitzu publikoak pribatizatzearen alde, bakan batzuen negozioaren alde, betiere gure lan baldintzen kontura eta arretaren kontura». Horretarako, gaineratu dute, «beharrezkoa da botere publikoak eta patronalak elkar adituz aritzea».