Donibane Garaziko gaztetxeak ateak ireki ditu besten karietara

Donibane Garazin gaztetxe bat behar zela oharturik, egoitza bat bilatzeari ekin zioten Nafarroa Behereko hiriburuko gazteek. Zitadelako karrikan lokala aurkitu ostean, mailegua ordaintzeko crowdfunding kanpaina abiatu zuten. Egoitza eraberritu ondoren, besten karietara zabaldu egin dute.

Maite UBIRIA|2017/08/12 22:52
Garazi
Donibane Garaziko gaztetxea, Zitadelako kalean. (Bob EDME)

Crowdfunding bidez sistemaren bitartez ordaindu dute gaztetxearen mailegua eta eraberritze lanak egin dituzte. Donibane Garaziko besten karietara ireki dute lokala.

Ostiralean hasi ziren Donibane Garaziko bestak eta aurtengo egitarauak berritasun bat dakar: gazteek egoitza berria eskuratu dutenez, gaztetxera hurbiltzea ezinbesteko hitzordua da.

Gaztetxekoen lehen xedea da besta garaian Zitadelako karrika horretan beren presentzia bermatzea da. Egunero zabalik izango da elkarlanean, crowdfunding sistema baliatuta, gazteek eskuratu berri duten lokal dotorea.

Euskararen ofizialtasuna, eraso sexisten salaketa eta presoen zein iheslarien aldeko aldarrikapenak jasotzen duten banderekin atondu dute lokala.

Larunbat honetan zabaldu dute egoitza eta hori ospatzeko kalejira egin dute gazteek txaranga baten laguntzaz.

Gaztetxearen irekitzea besta garaian dinamika orokor batean kokatzen dute. Hartara, Donibane Garaziko besta batzordeko kide gisara hainbat ekimen alternatibo proposatuko dituzte.

Hala, larunbat honetan bertako rock taldeak deskubritzeko aukera proposatu dute.

Asteartean, berriz, urtero bezala, presoen sostengu bazkaria eginen dute Donibane Garazin.