Asteburuko bi banderak, Bermeora

Azken metrotan erabaki da Ondarroako bandera. Estropada guztia elkarrekin egin ostean, Urdaibaik aurre hartu dio azken luzean Hondarribiari, asteburuko bigarren bandera eramateko. Sailkapen nagusian bost puntu aurretik dira orain bermeotarrak.

NAIZ|ONDARROA|2017/08/13 13:30
0813_urdaibai
Urdaibai, nagusi Ondarroan ere. (ARGAZKI PRESS)

Errebantxa bila ziren Hondarribiko arraunlariak atzo, larunbatez, etxean Urdaibairen aurka galdu ostean. Ez da halakorik suertatu baina; bermeotarrek irabazi dute Ondarroako bandera, sailkapen nagusian duten aldea sendotuz.

Lehenengo txandari dagokionez, Ares izan da ezustea. Hondarribiko uretako okerrak zuzendu eta txanda irabazteko ahaleginetan aritu da. Azkenean, baina, San Pedro nagusi. Astillerok, lehenengo paladatik atzean geratu ostean, egin du azken postuan. Ondorioz, asko zaildu zaio maila mantentzeko borrokan jarraitzea; lau jardunaldiren faltan, Ares baino hamabi puntu gutxiago ditu.

Zierbenak berriro erakutsi du bera dela bigarren txandako talderik sendoena, baita ohorezko txandara salto egiteko aukera gehien dituena. Zailtasun handirik gabe irabazi du bere txanda, San Juan eta Ondarroaren aurretik. Etxekoek harrobiko arraunlariekin osatutako trainerua ureratu dute eta, lan ona osatu badute ere, ez dute euren helburua lortu.

Eta benetan estua izan da ohorezko txanda. Urdaibai, Hondarribia eta Orio, hiruak, aritu dira nor baino nor azkeneko luzera arte. Orduan, ziabogan kateatuta geratuta, bandera irabazteko aukera guztiak galdu dituzte oriotarrek. Borroka, beraz, sailkapen nagusiko lehen bi traineruen artean eman da; bermeotarrak suertatu dira garaile, hiru segundoko abantailarekin.

Ondorioz, indartu baino ez du egin Urdaibaik lehendik ere sailkapen nagusian zuen abantaila. Bost bandera eta 135 puntu ditu orain, Hondarribia baino bost gehiago. Orio da hirugarrena, 119 punturekin.

Lau jardunaldi geratzen dira Eusko Label Ligarekin amaierarako.