NAIZ
Freetown

300 hildako baino gehiago Sierra Leonan, euriteen ondorioz

Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, gutxienez 312 pertsona zendu dira Sierra Leonan, euriteek sortutako luizien ondorioz.

Euriteek ehunka hildako sortu dituzte Sierra Leonan. (AFP)
Euriteek ehunka hildako sortu dituzte Sierra Leonan. (AFP)

Gutxienez 312 hildako izan dira Sierra Leonan euriteen ondorioz, Gurutze Gorriak adierazi duenez. Hauetako 60 adin gutxikoak dira, bertako ‘The Sierra Leone Telepraph’ hedabidearen arabera.

Luiziak eragin ditu euriak eta 100 pertsona baino gehiago zendu dira Regenten, Freetown hiriburutik hegoaldera. Zonalde honetan «legez kanpoko hainbat etxebizitzek osatzen dute», hedabidearen arabera.

Lokatzak eta luiziek eraginda, asko dira etxebizitzetan harrapatuta geratu direnak, eta hauek ateratzeko lanetan ari dira erreskate zerbitzuak. Hala ere, Regent eta Freetown lotzen dituen errepidean izan diren mozketen ondorioz, erreskate lan hauek zailtzen ari dira.