NAIZ
ZARAUTZ

Larri, baina errentari eutsi eta Oriok irabazi du Zarauzko Ikurrina

Erakustaldia eman du Hondarribiak Zarauzko uretan, baina bost segundogatik bada ere Oriok bezperan lortutako errentari eutsi eta Ikurrina irabazteko moduan izan da.

Orioko arraunlariak, ikurrinarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Orioko arraunlariak, ikurrinarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ez emoziorik falta izan Zarauzko Ikurrinan. Igande honetan lehiatu dute bigarren jardunaldia, eta gertu izan da Hondarribia bezperan Oriok lortutako errenta jan eta bandera etxeratzeko.

Estua izan da lehenengo txanda; bi segundoren buruan sartu dira lehenengo hiru txalupak. Tiran aurrena, haren atzetik amaitu dituzte lanak Cabo eta Aresek. Ondarroak, berriz, hamahiru segundo beranduago amaitu du.

Kaiku, ohorezko txandatik erorira, izan da bigarren txandako irabazlea. Ez zen gutxiago espero Sestaoko arraunlariengandik, eta San Juan eta San Pedroren aurretik sartu dira. Atzokoan bere aurpegirik onena erakutsi bazuen, kaxkarrena erakutsi du gaur Astillerok, txandan azkena eginez.

Emozioa, baina ohorezko txandako taldeek jarri dute. 15 segundoko aldea zuen Oriok Urdaibairekiko, eta 19koa Hondarribiarekin. Hasiera kaxkarra egin dute oriotarrek, eta horrek markatu du estropada. Bigarren luzean, gainera, erakustaldia eman du Hondarribiak, eta 15 segundoren bueltan kokatu du aldea.

Iritsi da aldea 16 segundokoa izatera ere, baina burua hotz mantendu eta aldeak bere horretan mantentzea lortu du Oriok. Azkenean, azken esfortzuari esker, 14 segundo atzetik sartu dira Zarauzko Ikurrinaren irabazleak.

Hondarribiak, gutxienez, Urdaibairi tarteak murriztea lortu sailkapen nagusiari begira.