NAIZ
AZKOITIA

Sexu eraso bat salatu dute Azkoitiko jaietan

Larunbat goizaldean eman zen erasoa, Azkoitiko jaietan. Adin txikiko bat da biktima eta Ertzaintzak «Maxixatzen» herri aldizkariari adierazi dionez, gertatutakoa ikertzen ari dira.

Adin txikiko batek sexu erasoa salatu du Azkoitiko Andra Mari jaien harira. «Maxixatzen» herri aldizkariak eman du albistearen berri, eta azaldu du erasoa larunbat goizaldean eman zela. Ertzaintzak baieztatu egin du salaketa jaso izana, eta gaineratu du gertatutakoa ikertzen ari direla.

Jaiak ospatu dituzte Azkoitian azken egunotan, eta eraso sexistarik eman ez zedin kanpaina bat eta protokolo bat ezarri zituen Udalak. Hartutako neurrien artean, eraso sexisten aurkako informazio gune bat jarri zuten herriko plazan. Informazioa eta orientazioa eskaini dute bertan bi hezitzailek jaiek iraun duten bitartean.

Udalaren oharraren faltan, Azkoitiko EH Bilduk prentsa ohar bat argitaratu du erasoa salatuz. Gazteari eta familiari elkartasuna adierazteaz gain, erasoa «sistema patriarkal oso baten iceberg punta» dela gaineratu du: «Festa giroa baliatuz, asko izan ohi dira mota guztietako erasoak».

Gauzak horrela, Udal Gobernuari dei egin du koalizio independentistak, eraso sexisten aurkako prebentzio eta sentsibilizazio lana urte osoan zehar egitea eskatuz. Aipatu lana talde feministekin elkarlanean egitearen alde agertu da EH Bildu.

Gerora jakin da erasotua azpeitiarra dela. Ondorioz, jazotakoa salatuz oharra kaleratu du Azpeitiko Udalak eta elkarretaratzea deitu du Sostenikpe talde feministak astelehen honetarako. 19.30ean elkartuko dira Azkoitiko plazan.