NAIZ
IRUÑEA

Zeruak garbi eta berotik jarraituko du hurrengo orduetan

Zeruak garbi dira Euskal Herri osoan eta modu horretan izango dira hurrengo orduetan ere. Kostaldean bereziki bero kolpea jo du eguerdian eta 30 graduko landa aise gaindidu dute tenperaturek. Bihar barnealdean tenperatura oso altuak izango dira eta kostaldean zertxobait leunduko dira. [Iragarpena herriz herri]

Gaur arratsalderako iragarpen mapa. (naiz: eguraldia)
Gaur arratsalderako iragarpen mapa. (naiz: eguraldia)

Kostaldean bereziki dezente nabarmendu da tenperaturen igoera eta leku gehienetan 30 graduak aise pasa ditugu. Barnealdean aurreko egunetako joerari eutsi dion arren gaurko kostaldean espero dira tenperatura altuxeagoak.

Zeruak garbi izango dira denean eta bide beretik jarraituko du hurrengo orduetan ere. 

Bihar ere zeruak garbi-garbi izango dira denean eta kostaldean ez du gaur adinako berorik egingo. Barnealdean, aldiz, balio oso altuak espero dira eta Iruñean bertan 36º-ra iritsi daitezke termometroak.

Arratsaldean trumoi hodeiak ager daitezke, batez ere ekialdean eta asteazkenetik aurrera lainoak espero dira, bereziki kostaldean.

Sute arriskua

Beroagatik alerta horian da hego Euskal Herria eta sute arrisku handia dagoela jakinarazi dute agintariek. Nafarroako Gobernuak, ohar bidez, bereziki asteartean arriskua «muturrekoa» izango dela nabarmendu du eta udarako sua egiteko dauden mugapenak ekarri ditu gogora (ezin da surik egin hegoaldean, ezta horretarako egokitutako lekuetan ere, besteak beste). 

Horrez gain, zigarrokinak, poxpoloak edo landa eremua arriskuan jarri dezaketen objektuak ez botatzeko mezua azpimarratu nahi izan du. Mendian ibiliko direnei ibilbideak jarraitzeko eta autoak horretarako egokitutako lekuetan uzteko eskaria egin die.