NAIZ
BAIONA

Macronen lan erreformaren aurkako mobilizazioa Baionan

Emmanuel Macron presidenteak martxan jarri duen lan erreformaren kontrako mobilizazioa egin dute Baionan eragile politiko, sozial eta sindikalek. Ehunka lagunek eskubide sozialen aldeko aldarria egin dute.

Sortu berria den Fronte Sozialak ireki du manifestazioa. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Sortu berria den Fronte Sozialak ireki du manifestazioa. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Ipar Euskal Herrian sortu berri den Fronte Sozialak kolore anitzeko sindikatuekin batera egin dute Baionako deialdia. Macronen lan erreformen kontra indarrak biltzeko, sindikatuez gain, elkarte eta alderdi politikoak elkartu dira.

Ehunka pertsonek lan eskubideak errespetatuak izateko eskatu dute Baionako karriketan. Lehenengo kontaketaren arabera, 2.000 pertsona inguru izan dira mobilizazioan parte hartu dutenak, Kazeta.eus-ek jaso duenez.

«Gure askatasun eta eskubide sozialen alde» leloa zeraman pankartak ireki die bidea manifestariei. Langile eta buruzagien arteko ezberdintasunak areagotzen dituen erreforma deitoratu dute mobilizazioan parte hartu dutenez. Beren aburuz, Gobernu frantsesaren erreformak langileen babesari kalte egiten dio.

Normaltasunez igaro da manifestazioa, Grenet zubira iritsi den arte. Hain zuzen, bertara ailegatzean «zubi gorria» blokeatu dute manifestariek. Hogei bat minutuz bertan egon ondoren, udaletxerantz abiatu dira.

Protestak Estatu frantsesean ere bai

Macronen kontrako protestak Estatu frantes osoan izan dira. Hala, Marseillan milaka lagun elkartu dira manifestazioa batean. Bertan, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumitua alderdiko ordezkariak Macronen neurriak atzera botako dituztela adierazi du. «Macronek men egingo du. Herri honek ez du mundu liberalik nahi. Hau Frantzia da, ez Ingalaterra».