Kronika
 
Lan erreformaren kontrako mobilizazio jendetsua Baionan

Macronen lan erreformak lehen erantzuna izan zuen atzo, baita Euskal Herrian ere. Kalean normaltasuna nagusi izan arren, jende asko bildu zen Baionan egin zen manifestaldian eta antolatzaileek irakurketa baikorra egin zuten.

Haritz LARRAÑAGA|GARA
0913_eko_baiona

Irailaren 21ean Euskal Herrian izango da Edouard Philippe (lehen ministroa) eta protesta egitera deituko du Fronte Sozialak

Ipar Euskal Herriko kaleek atzo greba itxura handirik ez bazuten ere, normaltasuna hautsi zuten zenbait zantzu izan ziren. Euskal Herriko Fronte Sozialak deituta manifestazio jendetsua egin zuten Baionan, eta sektoreka grebak izandako jarraipenaren datu zehatzik inork eman ez arren, grebalariek arrastoa utzi zuten. Biarritzeko aireportuan, esaterako, bi hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten grebaren ondorioz, eta tren zerbitzuekin arazoak izan ziren, bidaiariak autobusez garraiatu behar izan baitzituzten.

Manifestari kopuruaren inguruan ere ez zen zehaztasunik. Poliziaren arabera, 2.000 pertsonatik gora batu ziren. Aldiz, mobilizazioa amaitu ostean, antolatzaileek eskerrak eman zizkieten «manifestazioan izan diren 4.000 lagunei».

Manifestazio bat, bi zati

Goizeko 10:30ean prest ziren Baionako Ursula plazan manifestazioa osatu behar zuten bi zutabe nagusiak. Sekulako euri zaparradarekin eman zioten hasiera mobilizazioari. Lehen lerroan, Estatu frantsesean greba orokorra deitu zuten CGT eta FSU sindikatuetako ordezkariak ziren. Esku artean zuten pankartaren arabera, Macronek ezarri duen «laneko malgutasunak», langileak ahuldu eta enpresari handiak indartzen ditu.

Manifestazio berean, baina bigarren lerro batean, Euskal Herriko Fronte Soziala osatzen duten beste sindikatu, eragile, alderdi eta mugimenduetako ordezkariek honako goiburua zuen pankarta eusten zuten: «Gure askatasun eta eskubide sozialen alde».

Bestalde, FO sindikatuko kideak agertuko ote ziren jakin-mina zegoen; izan ere, Estatu mailan ez dute grebarekin bat egin, baina eskualde batzuetan mobilizazioetan izango zirela iragarri zuten. Baionako ekitaldian ordea, ez zuten parte hartu.

Aurrera begira antolatzen

Manifestaldiak aurrera egin ahala eguzkia eta giro ona nagusitu ziren. Manifestarien artean kartel ugari ziren, guztiek bat egin arren, bakoitzak bere diskurtsoa baitzuen. LAB sindikatuak, esaterako, «Ipar Euskal Herriko negoziazio eremua sortzea» proposatzen du. Bozgorailuak zeramatzan CGTko autoaren karteletan «Macronek hil nahi nau» irakur zitekeen, eta oihu artean elkartasuna aldarrikatzen zuenik ere bazen.

Tarteka, trenbideetako langile batek abisua eman eta sekulako danbateko hotsa egiten zuen aparatua martxan jartzen zuen. Bengalak eta kea ere baziren, baina giroa lasaia zen. Une batean, Henry Grenet zubia jendez bete eta 20 minutuz blokeatu egin zuten auto ilarak sortuz.

Manifestazioa herriko etxearen aitzinean amaitu zen eguerdian, ordezkari sindikalen mintzaldiarekin, baina ez zen hor amaitu mobilizazio eguna. Izan ere, Euskal Herriko Fronte Sozialak aurrera begira egin beharreko urratsak adosteko batzar bat egin zuen Baiona Ttipiko Tonneliers karrikan.

Aipatu bilkuran, mobilizazioaren balorazio positiboa egin zuten eta epe motzera egin beharreko bi gauza adostu zituzten. Batetik, irailaren 21ean Irungo Ficobara etortzekoa den Edouard Philippe ministroaren aurrean protesta bat antolatzea. Eta bestetik, CGT eta Solidaire sindikatuei protesta horrekin bat egin dezaten interpelatzea.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK