NAIZ
BAIONA

Urriaren 27an emango dute Ion Paroten baldintzapeko askatasun eskaerari buruzko erabakia

Ion Parot presoak aurkeztutako bosgarren baldintzapeko askatasun eskaera aztertzeko saioa egin zen atzo eta Fiskaltzak kontrako iritzia agertu zuen. Urriaren 27an jakinaraziko dute erabakia eta egun horretan elkarretaratzea egingo du Bagoaz kolektiboak Baionan.

Ion Paroten askatasuna exijitzeko elkarretaratze bat, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Ion Paroten askatasuna exijitzeko elkarretaratze bat, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Ohar baten bitartez Bagoaz kolektiboak jakinarazi duenez, atzo aztertu zuten Ion Parot presoak aurkeztutako bosgarren baldintzapeko askatasun eskaera eta audientzia horretan ezezkoa defendatu zuen Fiskaltzak, «desordena publikoa» eragin lezakeela argudiatuta.

Erabakia urriaren 27an jakinaraziko dute eta egun horretan elkarretaratzea egingo du Bagoazek, arratsaldeko 18.30an, Baionako Herriko Etxearen atarian. Bide batez, abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.

Bagoazek gogor kritikatu du Fiskaltzaren eta, ondorioz, Estatu frantsesaren jarrera. Kolektiboaren arabera, emandako argudioek «ez dute balio» 2011tik, ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik, eta are gutxiago iragan apirilaren 8tik, erakundearen erabateko armagabetzea gauzatu zenetik.

Kolektiboak gogoratu duenez, Ion eta Unai Parotek, Xistor Haranburuk eta Jakes Esnalek 28 urte daramatzate preso eta, gaineratu dute, beraien senide eta lagunei ere eragiten diela ezartzen zaien urruntzeak.

Haranburu, Esnal eta Ion Parotek baldintzapeko askatasuna eskatu duten bakoitzean ezezkoa jaso dutela adierazi du Bagoazek, erabakiak «argudio politikoetan eta ez juridikoetan» oinarritu direla azpimarratuz.