NAIZ

Esku hutsik itzuli da Athletic Kanaria Handitik (1-0)

Ziganda aroko lehen porrota jaso du Athleticek. Kanaria Handian izan da, Las Palmasen aurka, bere aukerak izan bai baina aprobetxatu ez dituen partidan. Remyk sartu du neurketako gol bakarra, 87. minutuan. [Neurketako xehetasunak]

Halilovicen aukera. (ATHLETIC.EUS)
Halilovicen aukera. (ATHLETIC.EUS)

Iragan astean Berlinen Europa Leagueko neurketa jokatuta, zortzi aldaketa egin ditu Kuko Zigandak hamaikakoan Kanaria Handian jokatu duten Las Palmasen aurkako neurketari ekiteko. Ondorioz, aulkian geratu dira, besteak beste, Aduriz eta Muniain.

Bizi abiatu da neurketa, eta bi taldeek izan dute markagailua irekitzeko aukera lehen minutuetan. Athleticentzat, esaterako, Williamsek izan du, 10. minutuan. Joan etorriko neurketa izan da hasieratik amaieraraino, irekia, taldeen kontroletik kanpo jokatu dena.

Partida hutsean iritsi da atsedenaldira, eta lehenengo zatiaren ildo beretik abiatu da bigarrena. Aukera garbia izan du Sabin Merinok 50. minutuan, Chichizolaren aurrean bakarrik geratu denean, baina ez du asmatu. Segituan, kontraerasora atera dira bizkor etxekoak, eta Callerirena izan da aukera, baina honek ere ez du asmatu.

62. minutuan zelairatu ditu Zigandak Aduriz eta Muniain, taldea sortzen ari zen gol aukera horiek beste modu batera amaitzeko asmoarekin. Baina Las Palmasena izan da iniziatiba azken minutuetan eta, ondorioz, etxekoek sortu dituzte gol aukera garbienak.

83an zutoinera jaurti du Tannanek eta 87an ez du barkatu Remyk. Amaiera bitartean ez da gol aukera gehiagorik izan da etxean geratu dira hiru puntuak.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun nagusiak NAIZen webgune berezian.