NAIZ
BILBO

Bizkaiko zahar-etxeetako grebalarien aldeko emakumeen manifestazioa, etzi Gasteizen

ELA sindikatuak deituta, etzi, hilaren 20an, greban 300 egun baino gehiago daramatzaten Bizkaiko zaharren egoitzetako langileen aldeko emakumeen manifestazioa egingo da Gasteizen. Gatazkaren egoera ikusita mobilizazioak indartu egingo ditu sindikatuak.

Greban dauden Bizkaiko zahar-etxeetako langileek Bilbon egin dute agerraldia. (ELA)
Greban dauden Bizkaiko zahar-etxeetako langileek Bilbon egin dute agerraldia. (ELA)

Bilbon egindako agerraldi batean, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek egingo duten hurrengo mobilizazioaren berri eman du ELA sindikatuak. Hitzordua asteazkenean dago jarrita, hilaren 20an, 10.45ean Gasteizen.

Manifestazioa emakume guztiei irekita dago eta, azaldu dutenez, mugimendu feministaren babesa ere izango du. ELAko Berdintasun eta Genero arloko arduraduna den Leire Txakartegik adierazi du gatazkaren «genero osagaiak eta irakurketa feminista indartzeko» erabaki dutela emakumeen manifestazioa egitea.

«Erresidentzietako gatazkan emakumeak espazio publikoan tokia hartzen joan dira –Txakartegik azaldu duenez–, benetako ahalduntze prozesuak bizitzen ari dira. Ekintza honekin indartu egin nahi dugu boteretze hau eta emakumeei protagonismo osoa eman, andreok geure behar eta interes propioak definitu eta defendatzeko gai garela irudikatzeko».

Mobilizazioak indartuko dituzte

Era berean, gatazka zein puntutan dagoen eta borroka honek sindikatuarentzat daukan garrantzia ikusita mobilizazioak indartu egingo dituela ohartarazi du ELAk.

«Gatazka hau lan gatazka baino gehiago da, gatazka feminista, soziala eta erabat politikoa da. Izan ere, jokoan dagoena gizarte honetan behar-beharrezkoak diren zaintza lanen antolaketa eredua da», nabarmendu dute.

Greba honen helburua «zaintza lanak duintzea» dela azaldu du ELAk, «gizartean behar duten tokia ematea eta lan baldintza duinetan egitea, zerbitzuaren beraren kaliteatea hobetzeko».

Atzerapausoa

Beste alde batetik, gogoratu dute irailaren hasieran «harridura eta haserrea» adierazi zutela Bizkaiko Aldundiak egin zuen proposamenaren harira: «hirugarren urtez jarraian, eta gutxienez 2018 amaieraraino, plaza bakoitzaren prezioa itunpeko agirietan izoztea, eta langile-ratioak ez aldatzea». «Esan genuen –gaineratu dute– proposamen hori Aldundiak esan bezala gauzatzen bazen, Bizkaiko zahar-etxeetako gatazka laboral eta sozialean berriro atzerapauso bat gertatuko zela».

Aldundiak bere «erabaki larria» berretsi izana «arduragabekeria» dela ohartarazi dute, eta gainera «sektoreko hiru patronalek inposatzen duten erabateko blokeoa indartu» egiten duela salatu dute.

Sindikatuak aitortu du, 300dik gorako grebaren ondorioz «oso nekatuta» daudela, baina argi utzi nahi izan dute «arrazoia geure alde dagoela eta ez dugula etsiko gure aldarrikapenak kosta ahala kosta gauzatu arte, sektoreko ia 5.000 langileentzako lan-hitzarmen sektorialean bermatu arte».