Maite Ubiria Beaumont
BAIONA

Uztaritzeko hilketaren ustezko egilea kartzelan sartzeko eskatu du fiskalak

Iragan igandean Bokalen Melodie Messieren heriotzarekin lotura zuelakoan Jendarmeriak atzeman zuen gizonezkoa kartzelan sartzeko eskatu du Baionako fiskaltzak. 

Marc Mariée prokuradoreordea, gaurko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Marc Mariée prokuradoreordea, gaurko agerraldian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Uztaritzeko hilketarekin lotura duelakoan, joan den igandean Bokalen atzeman zuten gizonezkoak Baionako jendarmerian jarraitzen zuen gaur goizean.

Samuel Vuelta Simon prokuradorearen albokoa Marc Mariéek agerraldia egin du arratsaldean, 23 urteko neskaren hilketari buruz zabaldutako ikerketaren azkeneko emaitzen berri emateko. Atxilotua espetxean sartzeko eskatuko duela iragarri du.

Jatorriz Béziers herrikoa zen Melodie Messieren hilotza joan den asteazken gauean agertu zen Uztaritzen. 23 urteko neska haurdun zegoen eta azkenaldian bere amaren etxean bizi zen. Haren mutil-lagunak atzeman zuen gorpua eta sorospen zerbitzuetara deitu zuen. 

Autopsiak agertu zuenez, emaztea itota hil zen eta kolpe asko jaso zituen aurpegian. Hil aurretik bortxatu egin zutela baieztatu zuen Samuel Vuelta Baionako prokuradoreak igande arratsaldean eginiko agerraldian. Hain zuzen ere agerraldi horretan eman zuen pertsona baten atxiloketaren berri.

Vueltak azaldu zuenez, DNAri esker ustezko erasotzailea azkar identifikatu ahal izan zuten. 38 urteko gizonezkoa da atxilotua, etxerik gabekoa, eta aitzinetik arazo psikiatrikoengatik Baionako erietxean artatua izan zen.

Aurretiaz lapurreta eta ondareak kaltetzeagatik atxilotua zen gizonezkoa. Edonola ere, «sexu delituengatik» aurrekaririk ez zuela argitu zuen agerraldi horretan fiskalak.

Emaztearen hilketa salatzeko hainbat elkarretaratze burutu zituzten, atzo, Emakumeen Mundu Martxak deituta Hego Euskal Herrian. 

Ipar Euskal Herriko Bortizkeria Sexistaren aurkako Zutik Kolektiboak, bere aldetik, agiria zabaldu zuen hilketa deitoratuz eta sendiari elkartasuna adieraziz. Neskaren ehorzketak ez direnean oraindik igaro, beharrik ez dagoela urjentziaz jokatzeko gaineratu zuen Zutik-ek, emazteak pairatutako erasoaren inguruan xehetasun guztiak izan arte itxarotea gomendatu duela.

Aferaren larritasunaz oharraraziz, buruko gaitzak eta arazo sozial latzak dituzten pertsonak ez estigmatizatzeko, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du Ipar Euskal Herriko emazteen kolektiboak.